Euskal presoen aldeko Dokumentaldiaren lehenengo jaialdia estreinatuko dute
Sareren eskutik, euskal presoen eskubideen urraketan nola sakondu duten aztertzeko aukera izango da uztailean Antiguako Txantxarreka gaztetxean. Bi arnas, 846km eta Tipularen Sehaska Kanta euskal filmak proiektatuko dituzte uztailaren 12tik 26ra bitartean, 20:30etik aurrera.
Dokumentaldiaren lehenengo edizio honetan, presoen eskubideen urraketa kasu desberdinak azaleratzen dituzten hiru euskal filmak estreinatuko dituzte, eta publikoak sakontzeko aukera izango du emanaldian zehar. Filma eskaintzeaz gain, zuzendariek bertaratzen direnekin hitz egiteko aukera izango dute emanaldiaren amaieran.
Programari dagokionez, lehenengo filma uztailaren 12an estreinatuko da: Jon Mikel Fernandez Elorzen Bi arnas. Filma honetan, tortura gertutik ezagutzeko aukera izango dute, izan ere, Iratxe Sorzabalen eta bere ama Mari Nieves Diazen testigantzak kontatzen dira. Beraiek arnas torturak sufritu zituzten urte askotan zehar. Bigarren filma 846km izango da, Beñat Uribe Etxebarriak ekoiztuta, eta Ainhoa Ozaeta preso politikoaren dispertsio politikak eragindako bidai luzeak azaltzen dira. Familiakoek eta lagunek Aiztondotik Pariseraino egindako bidaiak kontatzen ditu. Horrez gain, bidaia horietan egindako elkarrizketak ere eskainiko dira.
Dokumentaldiarekin amaitzeko, Tipularen Sehaska Kanta izeneko filma aurkeztuko da. Lander Garro zuzendariak kartzeletan dauden preso politiko gaixoengana egindako bisitak ikusteko aukera izango dute. Lehenengo pertsonan kontatzen den filma artistikoa, 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatzen da.
Filmak Txantxarreka kanpoaldean eskainiko dira, eta bertaratzen direnek jateko eta edateko eskaintza zabala edukiko dutela adierazi dute antolatzaileek.