Ion Aranburu «pauso garrantzitsuak ematen ari da», haren familiak eta lagunek azaldu dutenez
Sorian (Espainia) ultraeskuindar talde baten erasoa pairatu zuen Ion Aranburu donostiarraren familiak eta lagunak ohar bat zabaldu dute, Antiguako bizilagunaren egoeraren berri emateko. Maiatzaren 27an gertatu zen erasoa, eta Aranburu hainbat astez egon da koman, Burgosko ospitalean. Joan den astean, aldiz, komatik atera zen, eta Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU) dago: “Komatik atera izateaz gain, poliki-poliki, pauso garrantzitsuak ematen ari da, ondo ari da eboluzionatzen, aurrerantzean bide luzea eta gogorra geratzen zaion arren. Ziur gaude, etorkizunean ere, lehen bezala, futbolaz gozatuko duela bere semeekin eta lagunekin, Anoetan, Sorian edo beste edonon”, azaldu dute senideek eta lagunek.
“Hilabete joan da, jada, Ion gure senide eta laguna Sorian ultraeskuineko zenbait taldek larri zauritu zutenetik; hilabete hil ala biziko egoeran utzi zutenetik burezurreko traumatismoa eta burezurraren haustura eraginda; hilabete autoa hartu eta egunero Burgoserako joan-etorri urduriak hasi genituenetik; hilabete tentsioak eta beldurrak airean; hilabete saminak eta malkoek besarkaturik”, gaineratu dute.
Poliziaren jokabidea salatu dute
Cornellaren eta Numanciaren arteko partidaren harira gertatu ziren erasoak, eta Aranburu Cornellako (Herrialde Katalanak) lagun batzuekin partida ikustera joan zelako zegoen han, senideek eta lagunek behin eta berriro nabarmendu duten moduan. Erasoa gertatu zenean, ordea, soilik “bertan zeuden pertsonen eta anbulantziako langileen laguntza” jaso zuela azaldu dute: “Besteek ordea, Poliziaren laguntza izan zuten handik ateratzerako garaian. Zergatik ez ziren Ion laguntzera gelditu? Zergatik utzi zieten haiei besterik gabe ihes egiten? Zergatik ez zen egun hartan segurtasun neurri gehiagorik, jakinik talde haiek zezenketa bat egiteko elkartzekoak zirela eta hirian futbol partida garrantzitsua zegoela? Nola ez zuten aurreikusi armaturik eta modu koldarrean agertuko zirenik? Nola daiteke? Hauxe da hilabete honetan gure buruari behin eta berriz galdetzen ibili gatzaizkiona. Eta badugu erantzuna, bai. Argi dugu. Beste behin, ultraeskuinak inpunitate osoz jardun du, kale hartan armaturik sartzen utzi zitzaien, lasai joaten lagundu zitzaien eta egun, ez du inork Ioni egindakoarengatik ordaindu”.
“Polizia etxean ezbaian jarri zutena Ion izan zen, han zertan zebilen eten gabe galdetzen baitzuten, berari gertatutakoaren errua edo ardura berak izan balu bezala”, gaineratu dute senideek eta lagunek. Horren aurrean, gertatutakoa argitzeko borrokan jarraituko dutela diote: “Ozen salatzen dugu egun hartan ardura izan zuten segurtasun indarren konpetentzia falta eta pasibotasuna. Hau dela eta, ikerketa azken muturreraino eramateko borondate osoa dugu, bai segurtasun indarren arduradunak eta bai erasoa egin zutenak akusatuen aulkietan eserita ikusi arte. Justizia eskatuko dugu, Ionen izenean”.
Era berean, erakunde publikoen jarrera kritikatu dute: “Instituzioen auzi honekiko jarrera izugarri mingarria egiten ari zaigu, gaur gaurkoz, familiak ez baitu hauen elkartasun dei bakar bat jaso, bigarren mailako biztanle bagina bezala”. Hain justu, Donostiako Udalak gertatutakoa gaitzesteko eta senide eta lagunei babesa adierazteko erakunde adierazpena onartu zuen astelehenean, PPren aurkako botoarekin.