Realaren eta Bayer Leverkusenen arteko lagunartekoa solidarioa izango da
Realak eta Bayer Leverkusenek SPG50 gaixotasun arraroa ikertzeko dirua biltzeko lagunarteko partida jokatuko dute hilaren 29an, Anoetan, 19:00etan. Sarrerak dagoeneko Realaren webgunearen bitartez erosi daitezke. Prezioei dagokionez, sarrera orokorrak 20 euroko prezioa izango du, 14 urte azpikoentzat 10 euro, eta Realeko bazkideek doan sartzeko aukera izango dute.
SPG50 gaixotasuna giharrei eragiten dien gaixotasun neurodegeneratibo bat da, eta gaixotasun arraroen artean sailkatzen da. Munduan 100 kasu inguru diagnostikatuta daude, Espainiako Estatuaren kasuan, hiru. Gaixotasunaren inguruko ikerketak garapenean daude oraindik, eta 2024ko urtarriletik aurrera, saiakuntza bat hasiko dute Osakidetzan, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuan eta BioGipuzkoa osasun ikerketako institutuan, Italiako, Alemaniako eta Espainiako Estatuko haurrekin. Saiakuntza aurrera eramateko produktuak Donostiako Viralgen enpresaren instalazioetan ekoiztu dira.
Minbizia eta gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko Columbus Fundazioa, Viralgen enpresa eta Elpida Therapeutics enpresa saiakuntza bat garatzen ari dira Amerikako Estatu Batuetan. Columbus Fundazioaz gain, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak ekitaldia babestuko du, eta bildutako diruaren zati bat minbizia duten Gipuzkoako adingabeentzako udalekuei laguntzeko izango da. Gaurtik aurrera dohaintzak egin daitezke Columbus Fundazioaren kontuan (IBAN: ES73 0049 6668 3424 1628 2325), ¡Métele un gol al SPG50! kontzeptuarekin.