Zazpi kargu izango ditu EAJk udal gobernuan, eta bost PSE-EEk
'Donostiarrekiko konpromisoa' da EAJk eta PSE-EEk sinatu duten gobernu akordioaren izena, Eneko Goiaren arabera, konpromiso hori izango delako udal gobernuaren erdigunea.
Astelehenean iragarri zuten EAJ eta PSE-EE ados jarri direla Donostiako Udal Gobernua osatzeko, eta bi alderdietako bozeramaileek xehetasunak azaldu dituzte astearte goizean udaletxean. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzen ondoren, argi zegoen jeltzaleek eta sozialistek osatuko zutela 2023-2027ko legealdirako udal gobernua, azken bi legealdietan (2015-2019 eta 2019-2023) egin duten moduan.
Eneko Goia alkateak (EAJ) eta Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak eman dute akordioaren berri, eta biek nabarmendu dute “ados jarri izana” dela garrantzitsuena. “Desberdinen arteko gobernua da gurea, baina guztion Donostia eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu duena”, nabarmendu du Garmendiak. Goiak azaldu du Donostiarrekiko konpromisoa duela izena gobernu akordioak, eta nabarmendu du hori izango dela udal gobernuaren erdigunea.
Horrela, Goia izango da alkate, eta bina alkateordetza izango dituzte jeltzaleek eta sozialistek: Nekane Arzallus (EAJ) izango da lehen alkateordea, Marisol Garmendia (PSE-EE) bigarrena, Ane Oiarbide (PSE-EE) hirugarrena eta Jon Insausti (EAJ) laugarrena.
Karguen banaketa
Zinegotzigoen banaketari dagokionez, jeltzaleek zazpi kargu izango dituzte: Arzallus izango da Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza Berrirako zinegotzia, Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzia, Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetakoa, Ekintza Komunitariokoa eta Auzoetakoa, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarrikoa, Martin Ibabe Segurtasunekoa eta Bizikidetzakoa, Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzia (funtsean, giza baliabideen saileko zinegotzia) eta Ana Lopez Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotzia. Kargurik ez duen EAJren zinegotzia Juanra Viles da, baina kargurik gabe ere, udal gobernuaren parte da.
PSE-EEk, aldiz, bost kargu izango ditu: Marisol Garmendia Ekonomiako, Bertako Enplegurako eta Ekologiako zinegotzia izango da, Ane Oiarbide Hiri Proiektuetakoa, Iñaki Gabarain Kiroletakoa eta Bizitza Osasuntsurakoa, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetakoa eta Cristina Lage Aniztasunekoa, Inklusiokoa eta Berdintasunekoa. Lage Turismo zinegotzia zen aurreko legealdian, eta nabarmentzekoa da zinegotzigo hori EAJren eskuetara pasatu dela.
Mugikortasuna izan da azken hilabeteotan bi alderdien artean eztabaida gehien sortu dituen gaia, Garmendia kritiko agertu baita udal gobernuak pasa den legealdian hartutako neurriekin, bera udal gobernuko kide izan bada ere. Bada, pasa den legealdian gertatzen zen moduan, EAJren eskuetan egongo da Mugikortasun saila legealdi honetan ere, Olatz Yarzaren eskuetan: “Kargu hori hartzeko beharrezko gaitasunak dituela egiaztatu dugu”; esan du Goiak. Gogoratu behar da, ordea, Goiak RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, EAJk Mugikortasun zinegotzigoa eskaini ziola PSE-EEri, baina Garmendiak ez zuela eskaintza onartu. Mugikortasunaren inguruko eztabaiden inguruan galdetuta, alkateak esan du “argi” dutela “leialak” izan behar dutela bien artean, eta erabakiak “adostasunetik” hartu behar dituztela.
Bost zutabe
Gobernu akordioa “bost zutabetan oinarritzen da”, Goiak eta Garmendiak azaldu dutenez: “Donostiarrak eta gure auzoak izatea gure ekintza politikoaren ardatz; kalitatezko enpleguak sortzea, gizarte kohesiorako tresna izateko; etxebizitza politika berritzaileen bidez gaztetutako hiri batean bizitzea eta gozatzea; elkarrizketan eta herritarren konplizitatean oinarrituta lan egitea, hiri partekatu baten alde eta gure hiriaren etorkizun jasangarria eraikitzea”. Gobernu akordio osoa hemen irakur dezakezue.
Bi alderdiek gehiengo absolutua osatzen dute udalbatzan, hamalau zinegotzirekin. Hala ere, Goiak nabarmendu du “eskua zabalik” izango dutela gainontzeko alderdiekin “akordioetara heltzeko” eta ahalik eta “adostasun zabalenak” eraikitzeko.