Zortzi kontzertuk osatuko dute Jazzeñeko egitaraua
Jazzaldiarekin batera antolatzen den Jazzeñeren programazioa aurkeztu dute, eta aditzera eman dutenez, nazio mailako jazz taldeen zortzi kontzertu eskainiko dituzte Viktoria Eugenia antzokian, uztailaren 22tik 25ra. Estatu mailako jazza zabaltzeko antolatzen duten kontzertuetara munduko hainbat jazz festibaletako antolatzaileak gonbidatuko dituzte.
Jaialdia estatuko hainbat hiritan aurkeztu ostean, Jazzaldiarekin batera antolatzen duten hirugarren aldia izango da Donostian. Jazzeñeren edizio honetan, zortzi talde hauek igoko dira agertokira: Lucia Rey hirukotea eta MOVE (uztailak 22); Carles Margarit boskotea eta NGBM laukotea (uztailak 23); Alto For Two eta Niño Josele (uztailak 24) eta Bandolero laukotea eta Gonzalo del Val (uztailak 25). Goizeko saioak bikoitzak izango dira, eta egun bakoitzeko bi talderen kontzertuak aurkeztuko dira.
Emanaldiak 12:30ean izango dira, eta sarrerak ja salgai daude Viktoria Eugeniako lehiatilan eta Jazzaldiko webgunean, 8 euroren truke. Kontzertuak Youtubeko kanaletik zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, aurtengo berritasun gisa.
Gainera, Europako hainbat jazz jaialditako antolatzaileak Donostiara etorriko dira, jaialdia bertatik ezagutzeko eta kontzertuak bertatik gozatzeko. Gonbidapen hauen helburua jaialdia mundura zabaltzea da, horretarako antolatzaileekin bilera batzuk antolatuko dituzte, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Aipatutako antolatzaile hauek Herbehereetatik, Frantziatik, Bulgaratik, Suitzatik, Alemaniatik, Italiatik, Senegaletik eta Indonesiatik etorriko dira, eta bilerak uztailaren 23tik 25era izango dira, 11:30ean.