31. Donosti Cup futbol txapelketa martxan da
Atzo gauean 31. Donosti Cuparen aurkezpena egin zuten Anoeta futbol zelaian, eta, urteroko legez, txapelketan parte hartuko duten taldeek berdegunetik desfilea egin zuten. Aurtengo txapelketan 865 taldek parte hartuko dute, orain arteko kopururik altuena. Taldeen desfileaz gain, musika eta dantza emanaldiak egon ziren, eta ekitaldiari amaiera emateko, su artifizialak bota zituzten.
Desfilean, talde bakoitzetik hogei jokalarik parte hartu zuten, ordubeteko iraupena izan zuen ekitaldian. Desfileari hasiera emanez, atzerriko taldeak zelairatu ziren, Andorratik hasita, Uzbekistango taldeak ikusteko aukera izan zuten bertaratutako 20.000 pertsona baino gehiagok.
Nazioarteko taldeei jarraituz, Espainiako Estatuko taldeak desfilatu zuten, autonomia erkidegoetan banatuta, eta taldeen aurkezpenarekin bukatzeko, Euskal Herriko taldeak atera ziren; desfileen artean Bamboo dantza eskolak eta Zuhaiztiko dantza taldeak emanaldiak egin zituzten. Gaua borobiltzeko, azken ikuskizun bat antolatu zuten su artifizialak, musika eta dantza bateratzen zituena, 31. Donosti Cup txapelketari ofizialki hasiera emanez.
Astelehenetik igandera bitartean, 2.150 partida inguru jokatuko dituzte Gipuzkoako hainbat futbol zelaitan. Hemen kontsultatu dezakezue partiden ordutegia.