Aste nagusian 'Familian sukaldatzen' lehiaketa antolatuko dute bigarrenez
Gastronomia lehiaketa herrikoiak Aste Nagusiaren parte bihurtu dira, eta aurten ere familian kozinatzeko aukera izango dute haurrek eta gurasoek. Familian sukaldatzen lehiaketa bigarren aldiz egingo dute, eta dagoeneko izen emateak zabalik daude: online eta hiriko Eroski supermerkatuetan egin daiteke, uztailaren 21a baino lehen.
Parte hartzeko biko edo lauko taldeak osatu beharko dira: taldearen erdia 8 eta 14 urte artekoak izan beharko dira, eta beste erdia 14 urte baino gehiagokoak. Aurreko urtekoa kontuan hartuz, hemezortzi taldetako finala antolatzea aurreikusi dute, baina kopuru hori betetzen bada, uztailaren 29an finalaurrekoa egingo dute. Finala abuztuaren 19an izango da, Gipuzkoa plazan, 18:00etan.
Lehiaketan bi plater prestatu beharko dituzte parte hartzaileek. Finalerdirako entsalada bat prestatuko dute, eta onenak finalerako txartela lortuko du; finalean, aldiz, hautatuak izan direnek arrautza osagai nagusi gisa duen errezeta bat aurkeztu beharko dute. Plater hori finalaren egunean kozinatu beharko dute.
Lehiaketak plater onenak prestatzen dituzten lehenengo hiru parte hartzaileei sariak emango dizkie. Finalaren egunean banatuko dituzten sariak honako hauek dira: lehenengo sariak, txapeldunaren txapelaz gain, Eroskin erosteko 200 euroko txartela, Aste Nagusiko sukaldariaren jaka eta diploma, Garberako Terracity jatetxean bazkaria eta Basque Cullinary Centerreko sukaldaritza tailerra lortuko ditu. Bigarrenarentzat ere sariak izango dira, Eroskin erosteko 150 euroko txartela eta lehiaketaren amantala eta diploma. Hirugarrenak, aldiz, bigarrenaren antzeko saria izango du, eta lehiaketaren amantala eta diplomaz gain, 100 euroko Eroskiko txartela lortuko du.