Errekalden aurreikusita dagoen bidegorria zabaltzeko eskatu du Eguzkik

Eguzki erakunde ekologistak adierazi duenez, Errekalde eta Galarreta (Hernani) artean aurreikusita dagoen bidegorria zabaldu egin beharko litzateke. Izan ere, proiektuak 3 metro zabal dituen bidegorri bat aurreikusten duen bitartean, txirrindulariek eta oinezkoek bi norabideetan partekatzeko, Eguzkik salatu du gisa horretako bidegorriek 4 metrokoak izan behar dutela zehazten dutela Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuak.
Are gehiago, zenbait unetan bidegorriak 1,8 metroko zabalera baino ez du hartuko, eta tarte horietan “saihestezinak” izango dira txirrindularien eta oinezkoen arteko gatazkak, talde ekologistak argudiatu duenez. Gainera, zabalera horren zergatia ere arbuiatu dute: “Berez eskasa den 3 metroko zabalera zergatik murrizten da zenbait puntutan 1,8 metrora? Erreka bat edo baso bat babesteko? Ez, proiektu hau egiteko oinarrizko irizpideetako bat militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea izan delako”.
Amaitzeko, bidegorriak 2021. urtetik eraikia behar zuela gogoratu du Eguzkik, baina, “bistan denez”, epeak ez dira bete.