'Lurra urdina da, laranja bat bezala' erakusketa zabaldu dute Okendo Kultur Etxean
Erakusketa Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregi artisten 77 lanek osatzen dute. Irailaren 5era arte ikusi ahal izango da, eta tarte horretan hitzaldi bat eta bi bisita gidatu antolatu dituzte.
Uztailaren 5etik irailaren 5era bitarte, Lurra urdina da, laranja bat bezala ikusgai egongo da Okendo Kultur Etxeko areto berrian. Elena Cajaraville donostiarra eta Koldobika Jauregi alkizarra dira erakusketaren protagonistak: bi artisten 77 lanek osatzen dute erakusketa. Erakusketaren izenburua Paul Éluard poeta surrealistaren poema batetik hartu dute, eta artearen paradigma islatzen du artistentzat: “Laranja ez da urdina, ala bai?”
Antolatzaileen arabera, batera egingo duten erakusketan elkartu eta bananduko dira bi artistak. Elkartu, biek natura dutelako inspirazio iturri, eta lan eremua ere partekatzen dutelako: bitxiak. Banandu, berriz, bakoitzak bere erara interpretatzen duelako: Cajaravillek lihozko oihalak aurkeztuko ditu; Koldobika Jauregik eskulturak, koadroak, triptikoak eta erretaulak.
Hitzaldi bat eta bisita gidatuak
Erakusketak iraungo duen hilabeteetan zehar, hitzaldi bat eta bi bisita gidatu antolatu dituzte. Uztailaren 19an, Koldobika Jauregik Artea eta natura hitzaldia eskainiko du. Bestalde, bi artistek bisita gidatuak egingo dituzte elkarrekin uztailaren 22an eta abuztuaren 2an. Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, eta euskaraz izango dira, abuztuaren 2ko bisita gidatua izan ezik.