'Negu Hurbilak' filma Locarnoko zinemaldiko sail ofizialean estreinatuko da
Negu kolektiboak zuzendutako Negu Hurbilak filmaren munduko estreinaldia Locarnoko zinemaldian (Suitza) izango da. Gaur aurkeztu du nazioarteko jaialdiak bere programa ofiziala, eta Negu kolektiboaren lana Cineasti del Presente sailean aurkeztuko da, abuztuaren 9an. IRUTXULOKO HITZA filmaren babesleen artean dago eta Maluta* filmsek eta Cornelius Filmsek ekoiztu dute.
16 mm-tan grabatu den filmak, emakume gazte baten ihesaldia kontatzen du, euskal gatazkaren testuinguruan. Ihes egiteko bidean, Zubietan (Nafarroa) geratzen da, ez aurrera eta ez atzera, denborak eta behe lainoak harrapatuta. Mugako herri horretan, “antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute”, eta denbora igaro ahala, “egunak gau eta gauak egun” bihurtuko dira, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuz.
Negu kolektiboa
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendari gazteek osatzen dute Negu kolektiboa, eta hau da haien lehen fikziozko lan luzea. Lau zuzendariek idatzi dute gidoia, Donostiako Xalba Ramirezekin batera (Egia, 1990).
Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) da pelikulako protagonista, eta aktore profesional bakarra, eta Zubietako (Nafarroa) herritarrak gainerako protagonistak: Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban.
Hainbat lan entzutetsutan aritu da Laspiur aktorea, Akelarre (2020) eta Ane (2020), besteak beste. Azken lan honengatik, hain zuzen, jaso zuen andrazko aktore berririk onenaren Goya 2021ean.
Gainontzeko lantaldeari dagokionean, Javi Sevak egin ditu argazki zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte eta jantzi zuzendari. Xalba Ramirezek konposatu du soinu banda, eta Iosu Martinezek soinu diseinua.
Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin, Ritxi Lizartza (Añorga, 1965) eta Mikel Mas dira filmaren ekoizleak. Halaber, Carlota Darnell eta Roos Van den Heuvel aritu dira ekoizpen exekutiboan; eta Guille Ortuño ekoizpen elkartuan.
Trailerra hemen ikus daiteke: