Manuela Vanegas eta Andreia Jacinto txuri-urdinak Munduko txapelketan izango dira

Realak ordezkaritza bikoitza izango du Zeelanda Berrian eta Australian jokatuko den Munduko futbol txapelketan –uztailaren 20tik abuztuaren 20ra izango da–. Manuela Vanegas kolonbiarra eta Andreia Jacinto portugaldarra euren selekzioekin ariko dira. Denboraldi bikaina egin ondoren, merezitako saria jaso dute, eta soilik 22 eta 21 urterekin, hurrenez hurren, futbolari baten ametsetako bat betetzea lortuko dute.
Emakumezkoen bederatzigarren Munduko futbol txapelketa izango da, eta lehenengo aldiz Ozeanian egingo dute. 32 taldek parte hartuko dute, zortzi multzotan banatuta. Selekzio bakoitzak multzoen fasean hiru partida jokatuko dituzte.
Portugal Herbehereen (uztailaren 23an), Vietnamen (uztailaren 27an) eta AEBen aurka (abuztuaren 1ean) ariko da. Kolonbiak, aldiz, hiru herrialde hauek mendean hartu beharko ditu: Hego Korea (uztailaren 25ean), Alemania (uztailaren 30ean) eta Maroko (abuztuaren 3an). Multzoko lehenengo bi taldeek soilik lortuko dute hurrengo kanporaketarako txartela.