Osasun publikoan izandako ordutegi murrizketak salatzeko mobilizatzera deitu dute

Olatu Txuria plataformak Donostialdeko osasungintza publikoaren aldeko elkarretaratzea egingo du hilaren 15ean, Amara Berriko anbulatorioan. Osasun arreta publikoan ematen ari diren ordutegi murrizketak salatuko dituzte. Herri plataformek hilabeteak daramatzate osasun publikoaren aldeko mobilizazioak egiten, eta udari begira egongo diren ordutegi murrizketen harira, herritarrei eskatu diete mobilizazioetan parte hartzeko. “Denok elkarretaratzera, har ditzagun gure bizitzako hamar minutu, bizialdi luze baterako”, adierazi du Olatu Txuriak.
Udan, Donostiako anbulatorio batzuek bere ordutegiak murriztuko dituzte: Aietekoa, Intxaurrondokoa, Amara-Erdialdekoa eta Loiolakoa, hain zuzen. Horrela, 17:00ak arte egongo dira zabalik udan anbulatorio horiek, 20:00ak arte zabalik egon ordez. Egoera honek biztanle askori kalte eragingo dio, batik bat, adineko jendeari, eta beste auzo edo herrietako osasun zentroetara bidaltzea ekarriko du. Egoera honen aurrean mobilizatzera deitu du Olatu Txuriak.