Elektrotxaranga berreskuratu dute Zipotz jaietan
Hemen dira Groseko Zipotz jaiak, ohiko legez, egitarau zabal eta indartsu batekin. Udaleko diru laguntza jasotzeko arazoak izan dituzte, baina, horrela ere, jaiak antolatzea lortu dute.
Kai Kerexeta, Zipotz jaietako jai batzordeko kidea. (Argazkia: Beñat Parra) Groseko kaleak hartzeko zain daude dagoeneko Zipotz eta Legami, konturatzerako pregoia eta txupinazoa botatzen ariko baitira. Hurrengo ostegunean hasiko dira Zipotz jaiak, eta lau eguneko egitarau zabalari esker, jai giroan murgilduko da auzoa igandera arte.
Jai batzordeko kide Kai Kerexetak azaldu duenez, martxotik dabiltza jaiak prestatzeko lanetan, eta hainbat berritasun izango dituzte aurten, txupinazotik hasita: «19:00etan izan ohi da, baina aurten ordu erdi atzeratu dugu, 19:30era». Beste berritasun batzuk ere badituzte: «Kamiseta margoketa egingo dugu ostegunean eta Txofre plazako ohiko sardina jana soilik lehenengo egunean izango da, hurrengo bi egunetan saiheski errea izango baitugu jateko. Eta, larunbatean, auzoko Leire Athor dantza taldeak emanaldia eskainiko du Txofre plazan».
Horrez gain, berritasun berezi bat nabarmendu du Kerexetak: Katalunia plazako podcast musikatua. Marruma Kulturalak proiektuak antolatu du, eta Revolutionary Brothers reggae talde donostiarrak musikatuko du: «Marrumak podcastak egin ohi ditu, eta jaietan txertatu nahi izan dute podcasten mundua. Gainera, Revolutionary Brothers urte askotan etorri izan dira jaietan jotzera, beraz, polita izango da».
Hala ere, jai batzordeko kideak berritasun bat nabarmendu du besteen gainetik: «Ilusio handiz, elektrotxaranga berreskuratu dugu. Auzoko kaleetatik ibiliko da, poteoan. Azkenekoz pandemiaren aurretik antolatu genuen, eta giro ederra sortu ohi zen».
Ohiko jarduerek ez dute hutsik egingo
Berritasunez gain, Zipotz jaietako jarduerarik arrakastatsuenak ere antolatu dituzte aurten, besteak beste, pala eta pilota txapelketak. Hain justu, ekainaren 12an hasi ziren partidak jokatzen, eta jaietako larunbatean jokatuko dituzte finalak.
Horrez gain, marmitako lehiaketa da jaietako jarduera klasikoetako bat, eta Euskal Jaien egunean izango dela gogorarazi du Kerexetak: «Jendea baserritarrez jantzita etortzera animatu nahi dugu».
Bestalde, haur danborradan gero eta haur gehiagok parte hartzen dutela nabarmendu du jai batzordeko kideak: «Iaz, izugarri egin zuen gora parte hartzaileen kopuruak, eta aurten are haur gehiago aterako dira danborradan, 180 eta 200 artean. Ez dugu inoiz horren parte hartze altua izan». Horrenbeste haur danborradara animatzea garrantzitsua dela dio Kerexetak: «Txikitatik hasi daitezen auzoa eta jaiak bere sentitzen».
Arazoak diru laguntzekin
Jai indartsuak antolatzea lortu badute ere, udalaren diru laguntzekin arazoak izan dituztela kontatu du Kerexetak: «Aurten, lehenengo aldiz, eskaerak Internet bidez egin behar izan ditugu. Ordea, akats informatiko bat egon da gure kasuan, eta, duela gutxi arte, diru laguntzarik gabe geldituko ginela zirudien».
Gauzak erraztu beharko lituzke eskaera Internet bidez egiteak, baina jai batzordekoak dioenez, ez da horrela izan: «Udalak diru partida zehatz bat dauka jai herrikoiak diruz laguntzeko, eta erraztasunak eman behar ditu laguntza horiek kudeatzeko; ordea, akats informatiko baten ondorioz, bazirudien gure auzoarentzat horren garrantzitsuak diren jaiak oztopatu egingo zituztela. Horregatik, udalean ematen ari den burokratizazioa salatu nahi dugu, baita udalak jai herrikoiekin bat egiten ez duen funtzionamendu eredu bat duela ere».
Azkenean, arazoa konpondu egin da: «Diru laguntza eskatzeko izapidea berriz egin ahal izan dugu, eta badirudi laguntza hori izango dugula. Baina argi dago jai batzordeek adi egon behar dugula udalean gertatzen ari den burokratizazioarekin».
Zailtasunak izan badituzte ere, «hiriko jai batzorde gehien-gehienen eta auzoko eragile ugariren babesa» jaso dutela nabarmendu du Kerexetak, eta ez dutela une batez ere planteatu jaiak bertan behera uztea: «Prest geunden oztopoaren gainetik pasatzeko». Izan ere, Zipotz jaiak festa arrunt bat baino askoz gehiago direla dio: «Jende ugarik hartzen du parte jaietan, eta auzoa kohesionatzeko urteko momenturik garrantzitsuena dira jaiak».



