Gipuzkoako ur horniduren historia biltzen duen liburua aurkeztu dute
Añarbeko Urakek, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartearekin lankidetzan, Urak elkartuta-Unidos por el agua liburua argitaratu du mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari buruz.
Gure inguruko horniduraren, saneamenduaren eta arazketaren historiaren ibilbide bat egiten du liburuak, eta zerbitzu horiek “behar bezala eta kalitatez” emateko beharrezko azpiegiturez hornitzeko mankomunitateak aurre egin behar izan dien erronkak biltzen ditu.
Añarbeko Uraken historia 1968an hasi zen ofizialki, mankomunitatea sortu zenean. XIX. mendearen amaieratik biztanleriaren hazkundearen ondorioz egiten ari ziren baliabide hidrikoen etengabeko bilaketari behin betiko erantzuna ematea zuen helburu. “Historia ezezaguna bada ere, ezinbestekoa da gaur egungo Gipuzkoa ulertzeko”, adierazi dute aurkezpenean.
Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteko kide diren Iñaki Etxaniz eta Iñigo Imaz izan dira liburuaren egileak. Ikerketa historiko zehatza egin dute, eta azken urteotan Añarbeko historiako atalik garrantzitsuenetako batzuk protagonizatu dituzten pertsona askoren laguntza izan dute. Liburuan, besteak beste, bizi diren Mankomunitateko lehendakari guztiek parte hartu dute, bai eta Tomas Eizmendik ere, Jose Eizmendi lehen presidentearen semeak eta Nemesio Etxanizek, Añarbeko presaren obren zuzendariak baita ere.
Liburua Añarbeko web orrian dago eskuragarri eta Gipuzkoako liburutegi nagusietan banatuko da.