Arrakastatsua izan da esklerosi anizkoitzaren inguruko 'Busti Zaitez' kanpaina
Esklerosi anizkoitzaren inguruko aurtengo Busti Zaitez kanpainak parte-hartze zabala izan zuen atzo. Hogeita batgarrena izan da aurtengoa Gipuzkoan —26.a EAEn—, eta orain arteko bidelagunak gogoan izan ditu ADEMGIk, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza elkarteak. “Eskerrak ematen dizkiegu 21 urte hauetan esklerosi anizkoitzagatik bustitzen lagundu diguten pertsona guztiei”, adierazi du elkarteak. Era berean, aurrera begira ere jarri da: “Gizartearekin batera jarraitu nahi dugu gaixotasun honen inguruan sentsibilizatzen eta horren berri ematen”.
Kontxako hondartzan egindako ekitaldi nagusiaz gain, informazioa eta merchandising materiala saltzeko standak jarri dira Ondarretan eta Zurriolan. Horretaz gain Zumaian, Hondarribian, Zarautzen, Errenterian, Ordizian eta Legazpin ere jarri dira.
Kontxako erlojuetako ekitaldi nagusira hainbat gizarte esparrutako pertsonak joan dira esklerosi anizkoitzaren aurka bustitzera. Horien artean, Eneko Goia alkatea, Mariaje Idoeta Ekintza Komunitarioko zinegotzia, Marisol Garmendia Ekologiakoa eta Ane Oiarbide Hiri Proiektuetakoa. Horiez gain, Alvaro Prada Donostia Ospitaleko immunologoa eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea ere bertaratu zen, besteak beste.
Kanpaina hau duela 21 urte jarri zen martxan Gipuzkoan, eta ikusgarritasuna emateko, esklerosi anizkoitzari aurpegiak jartzeko eta bizipenak eta esperientziak partekatzeko aukera ematen du. Euskal Autonomia Erkidegoan 2.600 pertsonari eragiten die gaixotasun horrek —gehienak emakumeak—; Gipuzkoan 750 lagunek dute esklerosi anizkoitza.