Donostia Kulturak 531 ikastaro eskainiko ditu
Matrikulazioa bi fasetan izango da: euskarazko ikastaroena irailaren 4tik 14ra, eta, gaztelaniazkoena, irailaren 18tik urriaren 1era.
2023-2024 ikasturterako prestakuntza eskaintza aurkeztu du Donostia Kulturak. Guztira, 531 ikastaro izango dira –499 helduentzat eta 32 haur eta gazteentzat–. Hiriko kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian emango dira.
Ikastaroen eskaintza osoa helbide honetan kontsulta daiteke. DK Irratia, Larrotxene Bideo eta Musikagelako ikastaroak dira nabarmentzekoak. Horiek Casares-Tomasene, Larrotxene, Intxaurrondo eta Egia Kultur Etxeetan eskainiko dira.
Aurten matrikulazioa bi fasetan izango da: euskarazko ikastaroena irailaren 4tik 14ra, eta, gaztelaniazkoena, irailaren 18tik urriaren 1era. Hiriko edozein kultur etxetan eta Donostia Kulturaren webgunean egin ahalko da.
Euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua abian jarri dute. Ikastaro horietan, maila baxua izan arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dira, betiere elkarlaneko giroan. Ikasleek eta irakasleek konpromisoa hartuko dute euskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.