Donostiarra etxean garaile
Larunbatean Donostian jokaturiko estropada irabazi zuten emakumezkoen eta gizonezkoen taldeek. Donostia Arraun Lagunakek bigarren bukatu zuen.
Euskal Herrira iritsi dira asteburuan Euskotren eta Euskolabel ligak. Larunbatean, Donostian aritu ziren traineruak, eta Donostiarraren bi ordezkariak izan ziren onenak. Donostia Arraun Lagunak, berriz, bigarren sailkatu zen Kontxako Badian. Aldiz, atzo, Zierbenan aritu ziren hiriko hiru ordezkariak, eta ez zen jardunaldi horren borobila izan. Horrela ere, Arraun Lagunak Euskotren ligako liderra da hiru estropada jokatuta.
Larunbatean, bi ligetako estropadetan gakoa bigarren luzea izan zen. Emakumeen ohorezko txanda lehiatua izan zen, Donostiarrak ziabogaren ondoren lortutako tartea mantentzea lortu zuen Arraun Lagunaken aurretik, eta Donostiarrakeko neskek ligako lehenengo bandera eskuratu zuten. Arraun Lagunakek ezin izan zuen lehengo luzeko erritmoa jarraitu, eta amaieran 10:48ko denbora egin zuen, Donostiarrarengandik lau segundora. “Orain arteko estropadetan brankaz ez dugu asmatzen, baina bueltan asmatzea lortu dugu eta tartea atera diegu”, esan zuen Nerea Perezek, Arraun Lagunakeko patroiak estropada amaitzean. Denboraldi hasiera “bikaina” ari dira egiten, ligako banderaz gain, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelduna izatea lortu baitzuten.
Mutiletan, Donostiarra bigarren txandan lehiatu zen Urdaibairekin, Lekittarrarekin eta Ondarroarekin, eta bigarren luzean txanda apurtzea lortu zuen. Olatuek eragin handia izan zuten, batez ere, bueltako luzeetan, eta Donostiarrak olatuak aprobetxatuz Urdaibairengandik zuen tartea handitzea lortu zuen, ia sei segundora. Ohorezko txandan, Zierbenak denbora ona lortu zuen baina azkenean, ezin izan zuen Donostiarrak egindako 20:10ko langa bota, eta bigarrena izan zen, ia bi segundora. “Urdaibai bezalako traineru indartsu bat atzean uzteko dena ongi egin behar dugu, eta gaur hala izan da”, adierazi du Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak.
Atzo, lehia estuko estropada izan zuten Euskotren ligako arraunlariek. Oriok, Tolosaldeak eta Arraun Lagunakek bi segundoko tartearekin amaitu zuten estropada. Arraun Laguneko neskek oso gertu izan zuten bandera, baina, bigarren luzean galdutako metroengatik hirugarren postuan bukatu zuten. Eginor bandera Oriorentzat izan zen (11:14ko denbora egin zuen), eta horrek sailkapeneko goialdeko postuak estutzea ekarri du. Donostiarrak, aldiz, ez zuen estropada ona egin, hasieratik ez zuen asmatu eta lan asko egin behar izan zuen ohorezko txandan.
Mutiletan, Urdaibaik erakustaldia eman zuen eta 20:14ko denborarekin tarte handia atera zien beste traineruei. Donostiarrarentzat goiza txarra izan zen, txakalaldia izan zuten. Ohorezko txandan aterata, azkenean, hamaikagarrenak izan ziren Samertolameuren atzetik. Emaitza honekin, seigarrenak dira sailkapen orokorrean, 20 punturekin, eta hurrengo larunbatean bigarren txandan arituko dira.
Donostiarra Bk ez du liga hasiera ona izan
Larunbat goizean, KAE 2 ligako estropada jokatu zen Kontxako Badian, eta Donostiarraren bigarren taldeak bosgarrena izan zen. Kirol Txartela bandera Orio Brentzat izan zen, 21:50ko kronoa markatu zuen, etxeko traineruak 34 segundo beranduago helmugaratu zen.