Luca Sangalli donostiarrak Malaga taldearekin sinatu du
Realarekin kopa irabazi zuen jokalarietako bat da Luca Sangalli donostiarra. 2021-2022 denboraldia bukatzean talde txuri-urdinak ez zion kontratua berritu, eta azken sasoian bigarren mailako Cartagenan aritu da. Ordea, ez ditu minutu asko jokatu, eta taldez aldatzea erabaki du. Horrela, Malagarekin sinatu du 2025. urtera arte, beste denboraldi batez luzatzeko aukerarekin. Andaluziako taldea aurten jaitsi da bigarren mailatik RFEF lehen mailara, eta, beraz, koxka bat beherago ariko da Sangalli.
Lorenzo Juarros Malagako kirol zuzendari berria izan da erdilari donostiarraren aldeko apustua egin duena. Juarros Realeko kirol zuzendaria izan zen 2009 eta 2017 urteen artean, eta orduan ezagutu zuen Sangalli. Dagoeneko bi dira fitxatu dituen txuri-urdin ohiak. Jokin Gabolondo eskuin hegaleko gaztea da fitxatu duen bestea, sasoi honetan Realaren bigarren taldearekin aritu dena.