Musika Dena Eta Ez Dena jaialdia izango da Tabakaleran, ostegunetik aurrera
Musikarekin, soinuarekin, poesiarekin eta performancearekin lotutako proposamenak bilduko ditu jaialdiak uztailaren 13tik 15era.
Tabakalerak Musika Dena Eta Ez Dena festibalaren lehen edizioa hartuko du uztailaren 13tik 15era bitartean. Bertan, musika “jolasgune” bihurtuko da, “musika diren eta ez diren egitasmoak sartu eta ateratzen diren agertoki bat”. Musikaren, soinuaren eta praktika artistikoen arteko bidegurutzean kokatzen den jaialdia dela azaldu dute antolatzaileek.
Jaialdi hau, Tabakaleran azken bi urteotan antolatu den Musika Dena Eta Eszena programaren jarraipen gisa prestatu dute.
Scala: ‘Making conversation’
Jaialdia hilaren 13an hasiko da, Scala proiektuaren barruan datozen hilabeteetan Tabakalerako eskailera nagusian entzun ahal izango den soinu instalazio berriaren inaugurazioarekin. Crys cole artista kanadarrak Ubud Balin (Indonesia) 2019an egin zituen gaueko entzunaldi saioetan oinarritzen da Making conversation. Balin egindako grabazioak eta Tabakalerarako berariaz garatutako soinu konposizioa entzuten zituen bitartean sortutako marrazki automatikoekin eta horien zirriborroekin batera aurkezten da soinu pieza. Marrazkiak eta soinua tandemean sortu dira, etengabeko prozesu batean elkarri lotuz. Making conversation urriaren 22ra arte egongo da entzungai eta ikusgai.
Making conversation sortzeko lan prozesuan sakontzeko, Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoen arduradunarekin hitz egingo du crys colek hilaren 13an bertan, Z aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Jaialdia hirira zabalduko da
Bigarren egunean, uztailaren 14ean, ostirala, jaialdia Tabakaleratik hiriko beste toki batzuetara aterako da. Arratsaldeko 18:00etan Alex Mendizabalen Dar Eman_Dar Dar – Tremolatore instalazioaren inaugurazioa izango da Jacques Cousteau plazan. Donostiako Aquariumaren gaineko zelaigunean instalatutako piezaren elementu nagusia zinta-harpa bat da, “begiratzen dion paisaiaren berri ematen duena, ikusten dena eta kulunkatzen den bitartean entzuten dena nahastuz”. Mendizabalen soinu instalazioa uztailaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Koruko Andre Mariaren Basilikak hartuko du eguneko bigarren proposamena: Occam XXV (2018), Eliane Radigue konpositore frantsesaren organo bakarlariarentzako lan bakarra. Frédéric Blondy piano jotzaile, organista, konpositore eta inprobisatzailearekin batera sortutako pieza da, eta zuzenean interpretatuko du Blondyk berak 19:30etik aurrera.
Uztailaren 15ean, larunbata, jaialdia Tabakaleraren eraikinera itzuliko da, musikatzat hartzen dena eta ez dena agerian uzten duten hainbat proposamenekin.
Andre Zigarrogileen plazan, Sarah Rasinesek familiei zuzendutako tailer bat eskainiko du goizean, Kaseteak hackeatzea: musikari ausartentzat zinta magnetikoak manipulatzeko gida, cassetteen zinta magnetikoak benetan nola funtzionatzen duen eta musika egiteko dituzten berezitasunak nola ustiatu daitezkeen ikusteko. Aldez aurretik izena eman behar den tailerra amaitu ondoren, parte hartzaileek kontzertu bat eskainiko dute.
Festibalaren amaiera
Jaialdia amaitzeko, 21:00etatik aurrera Patioak hiru kontzertu hartuko ditu: Debris Stevenson, crys cole & Oren Ambarchi eta Kamilya Jubran & Werner Hasler. Stevensonek musika, mugimendua, letrak, poesia eta testua nahasten dituen emanaldi batekin hasiko du kontzertua; Cole eta Ambarchik osatutako bikotearekin musika elektroakustikoaren txanda iritsiko da; Kamilya Jubran & Werner Haslerrek lirikotasunaren ikuspegitik egindako proposamen batekin itxiko dute kontzertua. Ahotsa inprobisazioan oinarritutako era guztietako soinu elektronikoekin eta akustikoekin uztartuko dute euren saioan, azken 20 urteko kolaborazioan zehar trebatzen ari diren bide berari helduta. Kontzerturako sarrerak Tabakaleraren webgunean erosi ahal izango dira 10 euroren truke.