Arte tradizionala eta pieza digitalak nahastu ditu Silvia Sanchezek
Arte tradizionalak eta gaur egungo aplikazio digitalek elkarren arteko ezaugarri asko dituzte. Nahasketa hau azaltzeko Silvia Sanchez artista bilbotarrak Arte tradizionalaren eta digitalaren arteko elkarrizketa erakusketa inauguratu du Groseko Okendo Kultur Etxean. Artista plastikoek gaur egungo teknologiarekin topatzean hainbat buruhauste izan dituzte, baina, artistaren lanetan ikus daitekeen moduan, arte tradizionala eta teknologia berriak aldi berean bizi daitezke.
Erakusketa areto inperfektu batean dago, eta bertan aurkezten diren zazpi piezek ezaugarri komun bat dute: forma asimetrikoak. “Erakusketa oso lotuta dago nire emakume inperfektuekin, gizaki inperfektuak gara mundu inperfektu batean bizi garenak”, adierazi du Sanchezek.
Eskuz egindako koadroez gain, eskultura bat eta errealitate birtualaren bitartez egindako pieza bat ere aurkeztu ditu artista bizkaitarrak. Pieza digitala errealitate birtualeko betaurrekoen bidez “bizi” daiteke, bertan bizitzaren zikloa nolakoa den azaltzen da. Arte tradizionaletik abiatuz, formatu berrietara nola heldu den ikusi daiteke, edozeinentzat ulergarriak diren marrazkiak eta lengoaia erabiliz. Pieza digitala koadroetan azaltzen diren formek osatzen dute, haien arteko istorio bat eraikiz.
Atzotik ikus badaiteke ere, gaur aurkeztu dute, eta abuztuaren 25a bitartean zabalik egongo da. Erakusketak ordutegi berezia izango du kultur etxearekin alderatuz. Publikoak astelehenetik ostiralera aukera izango du artistaren eboluzioa gertutik bizitzeko, honako ordutegi honetan: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00. Astearteetan, 18:00etan, artistak berak bisita gidatuak eskainiko ditu bere piezen xehetasun guztiak azalduz, doan.
Erakusketa Donostiako Udalaren Sustapen Sailak eta Donostia Kulturak lagunduriko Ekinplus programaren barruan kokatuta dago.