«Gizarte helduzentrikoa da gurea, adingabeak baztertzen ditugulako»
'Berria' egunkariari eskainitako elkarrizketan, haurren eskubideen alde borrokatuko dela ziurtatu du Pilar Kaltzadak, Save the Children erakundeko Espainiako presidente hautatu berriak.
Pilar Kaltzada Gonzalez (Donostia, 1970) ekaina bukaeratik da Save the Children erakundeko Espainiako presidente. Kargua hartu berritan Berriari eskainitako elkarrizketan, haurren egungo arazo larrienak eta balizko konponbideak xehatu ditu. Besteak beste, haurren eskubideen aldarri irmoa egin du: “Oso zabalduta dago umeak jabetza pribatuko zerbait direla, eta adinez nagusi direnean iritsiko direla eskubide osoen jabe izatera, bilakatuko direla erabateko subjektu. Eta ez da horrela, inondik inora”.
Zentzu horretan, haurrek “entzunak izateko eskubidea” dutela ere aipatu du kazetari donostiarrak, baina eskubide hori, parte hartze eskubidearekin batera, mundu osoan modu sistematikoan urratzen dela. Kaltzadaren arabera, asko dago egiteko jendartean haurrak subjektu aktibo gisa ikusi ahal izateko: “Parte hartze sistemak askoz ere irekiagoak, malguagoak eta egokituagoak behar ditugu”. Garaiotan gertatzen den “udako ahazturaldia” terminoaz ere mintzo da, hots, eskolak itxi ondoren hainbat haurrek eskolak ematen dien guztia galtzea: hezkuntza garapena, otorduak, lagunartea…
Elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezue.