Otorduak programara 77.000 euro bideratuko ditu udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Otorduak programa aurrera eramateko 77.589 euro bideratzea onartu du. Intxaurrondoko gizarte zerbitzuen zentroan gizarte bazterketa egoera larrian dauden pertsonei eta familiei zuzendutako programa da Otorduak, oinarrizko jatekoa izan dezaten.
Gaurko erabakiarekin janaria prestatzeko eta entregatzeko zerbitzua kontratatzeko prozesua jarri du abian udalak. Adjudikaziodunak bi urtez eman beharko du zerbitzua, beste urtebete luzatzeko aukerarekin. Urtero gehienez 77.589 euroko aurrekontua izango du.
Antzeko programa bat ere abian da, Otorduak II izenekoa, non erabiltzaileak taberna edo jatetxeetara joaten diren.
Bestalde, Parte Zaharrean, Egian eta Amara Berrin herri ekimenez egiten diren Taldeko Afari Solidarioak egitasmoak pisu handia du hirian, eta hau ez du udalak diruz laguntzen. Hedabide honek kaleko afari solidarioak banatzen dituzten boluntarioen lanari buruzko erreportaje zabala ondu zuen 2021ean.