Udan irakurtzeko euskarazko zazpi liburu gomendatu ditu Hontza liburu dendak
Opor garaian egonik, aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute askok udako hilabete hauetan. Ordea, egunerokotasunetik atera eta denbora librean zer egin erabakitzea ez da erraza izaten batzuetan. Zenbaitek literaturari denbora eskaintzeko aprobetxatzen du urteko sasoi hau, eta irakurtzea maite duten horientzat euskarazko hainbat liburu gomendatu dizkigu Hontza liburu dendako Jon Tatiegik.
Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (Erein, 2023) da horietako bat. “Irunberriko Arroilako hilketa batean Susana Arregi eta Jon Lizarralde hil zituzten, eta Oñatiko memoria elkarte batek eta Pako Aristik ikerketa bat egin dute zer gertatu zen aztertzeko”, azaldu du Tatiegik. Hona hemen sinopsia:
1990eko ekainaren 25ean, 12:00etan, Jon Lizarralde, Susana Arregi eta German Rubenach bainatzera jaitsi ziren Irati ibaira, Irunberriko Arroilaren baitan. ETAko militanteak ziren, Nafarroa komandoa osatzen zuten, eta astebete zeramaten kanpin-denda batean, Guardia Zibilaren aurkako ekintza baterako informazioa jasotzen. Une hartan, handik igaro zen Nissan Patrol bat geratu, eta Jose Luis Hervas sarjentua jaitsi zen haiek identifikatzera. Ekintzaileek tiro egin eta hilda utzi zuten agentea. Gero, ihes egin zuten. Ondorengo hogei orduan, Guardia Zibilak arroilaren bi irteerak itxi zituen, eta ez zen jakin zer gertatzen ari zen han barruan. Ondorioak latzak izan ziren: 20:45ean German Rubenach aurkitu zuten buruan tiroa zuela; ospitalera eraman, eta bizia salbatu zuen. Biharamunean, 08:45ean, Jon Lizarralderen eta Susana Arregiren gorpuak aurkitu zituzten. Susanak bi tiro zituen buruan, Jonek tiro bat buruan eta ibaiko ura biriketan. Espainiako Barne Ministerioak suizidatu egin zirela esan zuen, eta kasua itxi. Baina kalean ez zitzaion sinesgarritasun handirik eman bertsio ofizialari, ez jende arruntak, ez politikariek ez erakunde askok. Gertaerak eskandalua sortu zuen, eta protesta ugari, baita nazioartean ere. Zulo beltz bat bilakatu zen Irunberriko kasua Euskal Herriaren historia garaikidean. Gaur arte.
Zaldi bat ihes garrezko zelaian (Argia, 2023). “Euskal prentsak ekarritako zenbait kronika gogoangarri dira, Koldo Izagirrek hautatuak”, adierazi du Tatiegik. Sinopsia:
Euskal prentsak 1869tik 2000 urtera bitartean argitaratu dituen kronika gogoangarriak bildu ditu Koldo Izagirrek liburu honetarako. Beste herri eta kultura askotan beren kazetaritza lan fundazionalez gozatzeko aukera duten bezala, euskaldunok ere material hau eskura izango dugu aurrerantzean.
Ño! (Argia, 2023). “Emakume bertsolarien esperientziatik hitz egiten duen komikia da”, zehaztu du Tatiegik. Testuak Miren Artetxerenak eta Eli Pagolarenak dira, eta ilustrazioak Maitane Gartziandiak egin ditu. Sinopsia:
Bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar egoera jakin dira, testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatuko dituztenak, kideen arteko konplizitate keinuei eta gozamenari gorazarre eginez. Irudiak hartzen du pisurik handiena eszena guztietan eta bertso mundua ardatz badu ere, ez dugu komiki osoan bertso bat ere irakurriko.
Poesiari dagokionez, Castillo Suarezen Alaska (Elkar, 2023) gomendatu du Tatiegik. Sinopsia:
“Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna”.
Eta aurtengoak ez diren arren, honako liburu hauek ere uda honetarako aproposak izan daitezkeela azaldu du Tatiegik. Lehenik eta behin, Anari Alberdiren lehen eleberria, Gari eta goroldiozko (Susa, 2022). Sinopsia:
“Goiz jaikia zen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaion. Erreta zituen begiak, eta izan daitekeen auto erretratuaren definizio zehatzenean, erretrobisorean, betaurreko beltzen atzean, denborak begi ertzetan egindako zartadurak zizelkatzeari jarraitzen zion. Nekatua zegoen. Nekatzen hasia beti. Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika”.
Nerea Ibarzabal bertsolariaren lehen eleberria, Bar Gloria (Susa, 2022) ere irakurtzeko modukoa da, Tatiegiren arabera. Sinopsia:
“Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin. Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso”.
Eta, azkenik Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) gomendatu du Tatiegik, eta “liburu gogorra, baina ona eta irakurtzeko erraza” dela esan du. Sinopsia:
“Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu”.