Zazpi pertsona ziztatu dituzte karabela motako marmokek Zurriolan
Karabela motako marmoken zazpi ziztada erregistratu dituzte goizean Zurriolako hondartzan. Ondorioz, bandera gorria jarri dute eta bainua debekatuta dago.
Udalak jakinarazi duenez, sorosleek atera dituzte uretatik bainua hartzen ari ziren pertsonak. Adierazi dute surf ikastaroetan zeuden hainbat pertsonek uko egin diotela uretatik ateratzeari, eta jarrera horri eusten badiote, Udaltzaingoari emango zaiola horren berri.
Horrelako marmokaren batek ziztatuz gero, adituek gomendatzen dute ziztatutako eremua ez ukitzea eta ezta urratzea ere, erredura baten antzeko mina eta itxura izango baitu. Era berean, erredura arintzeko ur gazia erabiltzeko adierazi dute –hobe da ur geza ez erabiltzea, eta ezta hondarra edo eskuoihalak ere–. Gainera, ziztatutako eremuak eguzkia ez hartzea eta larrialdi zerbitzuetara jotzea garrantzitsua dela adierazi dute.