Belaunaldi desberdinetako bizilagunen arteko komunitatea eraikitzen ari dira Amara Berrin
Amara Berriko Katalina Erauso ikastetxe publikoko haurrek eta auzoko adineko emakumeek Hilo-Hari proiektuan parte hartu dute, Amara Berrin gorputzaren eta mugimenduaren bidez belaunaldi ezberdinetako bizilagunen arteko komunitatea eraikitzea lantzeko proiektuan.
Proiektua eskolako zuzendaritzaren eta irakasle taldearen eta Donostia Lagunkoiaren bitartez sortu da. Jon Munduate eta Blanca Calvo artista eta koreografoen dinamizazioarekin garatu da, performancearen eta ikusizko arteen artean sortzen ari diren praktikak eta proiektuak lantzen baitituzte.
Proiektua Donostia Lagunkoiak arlo komunitarioan esplorazio gisa bultzatzen dituen ekimenen barruan kokatzen da, praktika artistikoen bidez desberdinen arteko elkarrekintza lantzeko, eta gizarte gisa aurre egin behar diegun erronken inguruan (zaintzak, bizi zikloa, aniztasuna, belaunaldi arrakala…) sorkuntza gaitasuna eta hausnarketa kolektiboa bideratzeko.