Gipuzkoa Basketek Manex Ansorregi fitxatu du datozen hiru denboraldietarako
Manex Ansorregi gaztea izan da Gipuzkoa Basketen azken fitxaketa eta azkoitiarrak 2026 arte jokatuko du Donostian. Fitxaketa honekin, argi ikusten da taldeak Lolo Encinas entrenatzaile ohiak hasitako proiektuari jarraipena ematen ari zaiola, eta jokalari gipuzkoarrak klubera ekartzeko apustua egiten duela talde donostiarrak. Urrezko LEB Ligako “jokalari gazte onenetarikoa” izan dela esan du klubak.
Azken denboraldiak Azpeitiko Iraurgi taldean jokatu ditu Ansorregik. Jokalari azkoitiarrak denboraldi ona egin du, eta hainbat talderen eskaintzak jaso ostean, Gipuzkoa Basketen eskaintza onartu du. Horretaz gain, Iraurgin egindako denboraldiari esker, 22 urtez azpiko Espainiako selekzioan aritu da Ansorregi.
Taldea oraindik ez dago osatua, fitxaketak falta baitira. Hauek dira gaur egun taldea osatzen duten jokalariak: Mikel Motos, Mike Carlson, Xabi Oroz, Aitor Zubizarreta eta bihar aurkeztuko den Manex Ansorregi, bostetik lau gipuzkoarrak dira, hain zuzen. Azken fitxaketaren aurkezpena bihar izango da Olaraingo Ikastetxe Nagusian, 10:30ean.