Homologazioa bermatzea lortu dute Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek
Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa lortu da ia ehun greba egunen ostean. “Negoziazio eta borrokaldi luzeak eman du emaitza”, adierazi du LAB sindikatuak. Aldarrikapen sozial nagusiak jasoko ditu hitzarmenak, tartean, azpikontratatuko langileen lan baldintzen homologazioa. Lan gatazka Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban izan dute langileek, eta, guztira, 2.500 inguru dira.
“Bost urte baino gehiagoz luzatu da negoziazioa, berrogeita hamar bilera baino gehiago egin dira eta langileak ia 100 egunez greban egon dira. Bada, borrokaren bidez azkenik lortu ahal izan dute luzaroan exijitu duten hori, hau da, Osakidetzako langileekiko homologazioa”, azaldu du LABek. Horrez gain, beste hainbat hobekuntza jasotzen ditu testuak: “2021etik atzerapenak jasotzen dituzten karrera profesionaleko mailak aitortzea, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatzea, txanda kontratua eskuratzea, lanpostu hutsak esleitzeko erregulazio objektiboa eta beste. Horrela, langile bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak, eta zenbait kasutan 9.700 euroraino iritsiko dira.
LABk nabarmendu duenez, Osakidetzako garbitzaileek ez zuten uste hitzarmena berritzeko horrenbeste oztopo izango zituztenik. Ordea, Garbialdi buru duten enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren beraren “blokeoa” pairatu behar izan dutela salatu dute, eta horrek bultzatu dituela gatazkara. “Grebak iraun duen ia 100 egun horietan zehar, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren presentzia itogarria eta dozenaka identifikazio jasan behar izan dituzte. Borroka luzea izan da eta langileek ez dute atzera urratsik egin”, dio sindikatuak.