Gauez itsasertzean aparkatzeko debekua iragartzen duten seinaleak jartzen hasi da udala
Pasa den hilabetean, Donostiako Udalak iragarri zuen autokarabanen aparkalekuak erregulatzeko neurriak hartuko zituela. Horretarako, TAO zerbitzuaren ordenantza aldatuko dute, udako gauetan autokarabanek eta egoiliarrak ez direnek Donostiako itsasertzean aparkatu ez dezaten. Aste honetan, hori iragartzen duten bide seinaleak jartzen hasi da dira.
Jose Migel Barandiaran pasealekuan (Sagues) jarri dituzte lehen seinaleak, baina beste leku hauetan ere iragarrita daude: Pasealeku Berria, Salamanca pasealekua, Zurriola etorbidea, Eduardo Txillida pasealekua (Tenisa), Satrustegi etorbidea (Ondarreta) eta Zumalakarregi etorbidea 13. zenbakira arte. Kanpotarrek debekatuta izango dute gune horietan guztietan aparkatzea 21:00etatik hurrengo eguneko 09:00etara. Datozen egunetan informazio kanpaina bat egingo du udalak itsasertzean aparkatu ohi dutenei araudiaren aldaketaren berri emateko. Aldiz, datorren astean aurreikusten dute indarrean sartzea aipaturiko debekua.
Gaur egun, autokarabanentzako aparkaleku bat dago Igaran, 44 plazarekin. Mota honetako ibilgailuentzako espazio espezifiko honek TAO tarifak ditu (7,60 euro eguneko, goi denboraldian) eta 3,30 euro urteko gainerako garaietan, 72 orduko gehieneko egonaldiarekin.