Pintzelak berriro hartu ostean, euskal kostaldea margotu du Jesus Mansek
Ekain Arte Lanak galerian ikusgai dago Jesus Manse artistaren 'Itsaso mikatza' erakusketa, irailaren 9ra arte.
Jesus Manse artista plastikoak (Pasaia, 1966) Itsaso mikatza izeneko erakusketa aurkeztu du Ekain Arte Lanak galerian. Euskal kostaldeko hainbat paisaia ikus daitezke Mansek galerian zintzilikatu dituen 28 koadroetan. Olioz egindako koadro horiek irailaren 9ra arte egongo dira ikusgai.
Bilduma honetako hainbat koadro Donostiako Aquariumean egon ziren ikusgai iaz, baina beste batzuk lehenengo aldiz jarri dituzte oraingoan, berriak direlako. Sorkuntza prozesu horretan, zerikusi handia izan du Mansek bizi izan duen egoera emozionalak, erakusketaren izenburuarekin lotuta dagoenak: “Beti gustatu izan zait erakusketei izenburu bat jartzea, koadroen haria edo momentuko nire egoera emozionala azaltzen dutelako. Iaz Aquariumen egin genuen erakusketa nire gurasoak hil zirenean jarri nuen. Aquariumeko erakusketa ekainaren 24an inauguratu nuen, nire ama ekainaren 14an hil ostean. Ekainaren 30ean nire aita ospitalera eraman genuen, eta abuztuaren 21ean hil zen. Erakusketa irailaren 3an kendu genuen, beraz, garai hori oso bortitza izan zen niretzat”, azaldu du Mansek.
Erakusketa hori amaitu zuenean, bi liburu argitaratu zituen; amaren memoriari zegokiona bata, eta aitaren memoriari zegokiona bestea. “Otsailean bukatu nuen edizio lanekin, eta ordurako adostua genuen Ekain galerian erakusketa bat egingo genuela”, jakinarazi du Mansek. Aitortu duenez, asko kosta zitzaion berriro ere koadroak egiten jartzea, arrazoi “sinple” bategatik: “Aurretiaz eginda nituen bi koadro nire gurasoak hiltzen ari zirenean margotu nituen. Beraz, burmuinak bere konexio txikiak egiten ditu, eta uste nuen berriro margotzen banuen ondorio negatibo berbera izango zuela. Pintzelek izugarri pisatzen zidaten garai hartan”.
Hala ere, burmuinak esaten ziona ez zela egia ohartu zenean, lortu zuen berriro pintzelak hartu eta margotzen hastea. Lan horren ondorio dira gaurtik aurrera Ekain Arte Galerian ikus daitezkeen hainbat koadro. Edukiari dagokionez, Zurriola, Ondarreta, Hendaiako hondartza, Biarritzeko hondartza eta Landetako beste hainbat ikus daitezke, besteak beste. “Bakoitzak bere argi, begirada eta ahots propioa ditu, melankolia eragiten dutenak. Ez da pertsonaiarik ageri, eta oinak lurrean eta uretan jartzen laguntzen dute koadroek”, azaldu du.
Publiko zabalarentzat egin ditu koadroak, eta irudi horiekin identifikatuta sentitzen den edonork gustura ikusiko dituela gaineratu du.