Salaketak Internet bidez egiteko sistema hobetu du Udaltzaingoak
Zenbait salaketa ziurtagiri digitalaren bidez sinatu ahalko dira, eta horrek polizia etxera joan beharra ekidingo du.
Udaltzaingoak zenbait berrikuntza egin ditu hiri segurtasunari lotuta eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko asmoz, eta horien artean dago salaketak ziurtagiri digital (B@kq) bidez sinatzeko aukera. Gauzak horrela, hemendik aurrera zenbait salaketa egin nahi dutenek ez dute polizia etxera joan beharko, eta webgune honetatik egin ahalko dute prozesu guztia. Izan ere, orain arte bazegoen salaketak online egiteko aukera, baina dokumentazioa bete ondoren, sinatu eta Morlansko polizia etxera joan behar zen salaketa aurkeztera.
Dena den, Martin Ibabe Hiri Segurtasun zinegotziaren arabera, tresna hau honako salaketetan bakarrik erabili ahalko da: diru zorroen, poltsen edo horrelakoen lapurreta; bizikleten lapurreta; saltokietan edo etxebizitzetan lapurreta; ibilgailuen barrutik lapurreta; saltokietan edo etxebizitzetan kalteak eragitea; eta ibilgailuetan kalteak eragitea. Bestelako salaketetarako orain arteko bideak mantenduko direla aipatu du zinegotziak.