EAEko alkateek euskararen kontrako epaia kritikatu dute
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, EAEko alkate eta udal ordezkari ugarik agerraldia egin dute Bilbon, euskalgintzako eragileekin batera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka lehengo astean eman zuen ebazpena salatzeko. Donostiako alkate Eneko Goia ere bertan izan da, baita Euskara zinegotzi Jon Insausti eta EH Bilduko zinegotzi Juan Karlos Izagirre ere.
“Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko ezetsiz emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara”, adierazi dute agerraldian. Lehengo astean eman zuen epaia auzitegiak, eta udal legearen 6.2 artikuluak udalen barne funtzionamendua euskara hutsean egiteko ematen dituen irizpideak ezetsiz. Parte hartzaileen ustez, “euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek”.
Berria-k jaso duenez, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak EAJko kideen izenean berretsi du Auzitegi Konstituzionalaren epaia “autogobernuaren kontrako eraso larria” dela, eta tokiko erakundeen “antolakuntza autonomia ere urratu” egiten duela. Udalek herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzen dituztela baieztatu du Aburtok, “bai euskaldunenak, bai gaztelania hiztunenak”.