EH Bilduk udal eraikinen garbitzaileen artean dagoen arrakala kritikatu du
EH Bilduk udal eraikinen garbiketa langileen artean hilean 400 euroko soldata arrakala dagoela kritikatu du, eta afera honetan “udalaren konplizitatea” salatu. Egun, 184 pertsona dira garbiketa lan horiek egiten dituztenak, gehiengo handi bat emakumeak. Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak eginiko agerraldian, 2023ko otsailean udalak zerbitzuaren lizitazio berria egin zuela aipatu du, eta ordutik hona kontratatutako langileen artean atzeman du arrakala alderdi soberanistak.
Izan ere, aurreko kontratazioak Donostiako Udalak eta enpresa kontratatzaileak sinatutako hitzarmen kolektiboaren baitan dauden bitartean, kontratazio berriek Gipuzkoako sektoreko hitzarmena dute oinarri. “Hitzarmen kolektiboari atxikitako langile batek 1.598,647 € kobratzen ditu astean 35 orduko lanaldiagatik, eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenaren babespean egindako lizitazio berriarekin kontratatutako langile batek 1.180,97 € kobratzen ditu, lan bera eginda”, ziurtatu du Duartek. Beraz, urte amaieran 5.000 euro baino gehiagoko arrakala dago langileen artean.
Gainera, bajan dauden langileen kasuan ere bada alderik: enpresa hitzarmenean dauden langileek soldataren %80 kobratzen dute kasu horretan; Gipuzkoako hitzarmenean daudenek, berriz, %75. Alabaina, enpresa kontratatzaileari langileko prezio bera ordaintzen jarraitzen du udalak: 28,45 euro orduko. Horri lotuta, honako galdera luzatu du Duartek: “Non geratzen da aurreztutako ‘soberako’ diru publikoa?”. Era berean, Duartek “onartezintzat” jo du “udal gobernuaren azpikontratazio politiken ondorioz, emakume horien lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahi izatea, kolektibo feminizatu hori are gehiago prekarizatuz eta sektorean bertan arrakala sortuz”.
Zentzu horretan, Duartek dio aurreko hitzarmena 2026ra arte dagoela indarrean, eta enpresak aukera hori eskaintzeko “betebeharra” duela, baina udalari leporatu dio “presio eskasa” egiten ari izana. Gauzak horrela, udal gobernuari zuzendu zaio Duarte, “ezikusiarena egiten segitzen baitu”: “Baldintza duinak, eta berdintasuna bermatzeko neurriak har ditzala eskatzen diogu. Badaude irtenbideak, eta oso egingarriak, gainera: langile guztiei enpresaren hitzarmena aplikatu, sektoriala baino hobea baita”.
Amaitzeko, Duartek aipatu du hurrengo astean egingo dituzten udal batzordeetan eta hilaren bukaerako osoko bilkuran neurriak hartzeko eskatuko diotela Goia alkateari.