"Flamenkan emango dugun kontzertua berezia izango da, gure ametsa beteko dugu"
Herenegun talde donostiarrak prest dute bigarren diskoa, eta datorren urrian argitaratuko dute.
Jon Oiartzabal taldeko gitarristak azaldu duenez, helburua Durangoko Azokan estreinatzea da, horrek Euskal Herriko panorama musikalean zabaltzea asko lagunduko baitie. Diskoak zazpi abesti izango ditu eta askotarikoak izango dira. Iaz Negu hurbilak eta Bi mundu abestiak kaleratu zituzten, eta gainontzeko abestiak datorren hilabeteetan argitaratuko dituzte.
Zer moduz zabiltzate taldean, eta zer asmo dituzue epe laburrean?
Taldean inoiz baino hobeto gaude. Urria aldera, bigarren diskoa kaleratuko dugu. Apirilean grabatu genuen, eta pixkanaka abestiak aurkezten ari gara. Ekainean Gure errua abestia atera genuen, XSakararen kolaborazioarekin, eta laster bigarren abestia plazaratuko dugu. Gure ideia da bigarren diskoa Durangoko Azokan kaleratzea.
Musika estiloari dagokionez, lehenengo diskoaren ildokoa izango da?
Denetarik kontsumitzen dugu. Rocka, ska eta reggaea dira gehien gustatzen zaizkigun estiloak. Reggaetoia ere bai, baina oraindik ere ez gara hori jorratzera iritsi [barrez]. Disko honek estilo hauen nahasketa dakar. Reggae abesti bat daukagu, beste bat ska kutsukoa, Vendetta taldea izan zenaren oso antzekoa, eta abesti lasaiak ere baditugu.
Peio Skalarirekin, Skalariak taldeko bateriarekin, grabatu dugu, eta horrek ere asko lagundu digu. Ez dugu gure taldea estilo batean definitu nahi, estilo desberdinak probatu nahi ditugu. Diskoko abesti berri hauek, lehenengo diskoarekin konparatuz, musikalki askotarikoak dira. Aldi berean, abesti landuagoak dira, bai musikalki, eta baita mezu aldetik ere.
Udarako zer plan daukazue, kontzertuz beteriko agenda duzue?
Orain arte pare bat izan ditugu. Iruñeko San Joanetan jo genuen, aurreko asteburuan Intxaur jaietan aritu ginen eta larunbat honetan Añorgan joko dugu. Abuztuan kontzertu bakarra daukagu. Abuztuaren 19an, Piraten Aste Nagusian joko dugu, Flamenka guneko agertokian. Irailean ere baditugu kontzertuak, oraindik ez ditugunak iragarri. Momentuz, Usurbilgo Aginaga auzoan joko dugu, eta Iruñeko Jarauta Matalaz aretoan ere ariko gara. Diskoa kaleratzean, aurkezpen kontzertu bat emango dugu, seguruena Antiguako Doka aretoan izango dena.
Zein izan da orain arteko kontzerturik bereziena?
Ziurrenik, abuztuan Flamenkan joko duguna izango da. Taldekide guztiak kuadrilla berekoak gara, eta gehienak 4 urte genituenetik elkar ezagutzen dugu. Taldea 14-15 urte genituela sortu genuen. Aste Nagusian Flamenkara joaten ginen kontzertuak ikustera, eta pentsatu genuen talde bat sor genezakeela egunen batean han jo ahal izateko. Eta begira, lortu dugu. Kontzertu berezia izango da, gure ametsa edo helburua beteko dugulako, eta lagun bereziak etorriko direlako gurekin abestera. Guk talde batzuk jarraitu ditugu betidanik, eta haiekin harremanetan jarri ostean, kontzertu honetan parte hartuko dutela ziurtatu digute. Oraindik ezin dugu esan zeintzuk izango diren, baina kontzertu berezia izango dela aurreratu dezaket.
Zer suposatzen du Durangoko Azokan diskoa aurkezteak?
Durangoko Azokan egotea oso pozgarria da, Euskal Herria osoan gure izena zabaltzeko aukera izango dugu. Azkenean, taldean beti komentatzen duguna, Gipuzkoan asko jo izan dugu, Nafarroan ere geroz eta gehiago. Araban, Gasteizen jo genuen aurreko urteko jaietan. Bizkaian jo ez dugunez, XSakararen kolaborazioak asko lagunduko digu. Bermeokoa denez, behar genuen punch hori eman digu.