Itziar Ituño antzinako sorgin bilakatu da Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iragartzeko
Antzinako sorginak izango dira aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen protagonistak, eta Itziar Ituño aktorea (Basauri, 1974) aukeratu dute karteleko pertsonaia gisa. Taroteko karta baten itxura eman diote kartelari, eta erdian ageri da Ituño, sorgin dual bat irudikatuz. Zuriz jantzitako sorgin bat eta beltzez jantzitako beste bat jarri dituzten arren, txanpon beraren bi aldeak irudikatu nahi izan dituzte; sorgin argitsua eta iluna, boteretsua eta bihozbera.
Urriaren 27tik azaroaren 3ra ospatuko da XXXIV. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea, baina kartela gaur bertan aurkeztu dute Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Bertan izan da Ituño ere, eta proposamena nola hartu zuen azaldu du: “Nerea Torrijosek, kartela sortu duen taldearen buruak, galdetu zidan ea Irati filmean Mariren papera egin ostean, kartelerako sorginarena egitera animatuko nintzen. Erantzun nion sorginarena egitea opari bat zela niretzat, eta berehala hasi ginen lanean”.
Sorginen jantziak ere Torrijosek diseinatu ditu, eta zuriaren eta beltzaren arteko dualtasun hori ongi datorkiola gaineratu du Ituñok. “Horoskopoan gemini zeinua naiz, eta oso ondo dakit zerren inguruan gabiltzan”, adierazi du barrez. Argazkiak egitea “oso esperientzia polita” izan zela aitortu du Ituñok, eta Torrijosen lana goraipatu du: “Esan beharra daukat oso zuzendari ona dela. Ni aktorea naiz, ez modeloa, eta argazkietarako agian ez naiz oso trebea. Hala ere, oso polita izan zen, eta zure burua itxura horrekin ikusteak inpresioa egiten du”.
Argazkiaren egilea Marta Fresnillo da, eta kartelaren diseinua Alive VFX & Desing estudioak egin du. Kartela Sorginak-Bruixes leitmotivaren barruan kokatzen da, TerrorMolins zinemaldiarekin (Herrialde Katalanak) partekatua.
Fantasiazko zinema japoniarra Donostian
Donostia Kulturak eta Fundación Japon erakundeak, Euskadi Japonia 2023 jarduera programaren eta Beldurrezko Astearen barruan, Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak. Aguilar-Haraguchi Bilduma erakusketa antolatu dute irailaren 14tik azaroaren 4ra, Okendo Kultur Etxean. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak. Japoniako animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, munduan zehar abiadura handian hedatzen hasi eta egungo egoerara iritsi arte, eta gaur egun J-Horror izenez ezagutzen denaren agerraldi nabarmenaren aurretik, Japonian fantasiazko generoko film ugari ekoiztu ziren irudi errealean. Kabukitik sortutako mendeku espektralen istorioak, yokai izenez ezagutzen diren tokiko trasgoekin izandako gorabeherak, egun munduko izar bilakatutako Godzilla horrek irudikatutako munstro erraldoiak, edo mendebaldeko zinemako modak egokitzen zituzten filmak, besteak beste estralurtarren inbasioak edo banpiroak.
Zinema horrek guztiak irudimen handiko kartelak sortu zituen, gaur egun oso preziatuak. Aguilar-Haraguchi Bilduma munduko handienetako bat da, Daniel Aguilar idazle eta zinema japoniarrean adituak eta Tomoo Haraguchi zinemagile eta makillaje efektu berezien teknikariak bildua, eta posterrak, prentsa gidak, argazkiak eta orain nekez aurki daitekeen publizitateko material oro biltzen ditu. Horiek guztiak eta Haraguchik fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanaren laginak Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango dira irailetik azarora.