Moto gidari bat hil da Grosen istripu larri baten ondorioz
Gaur goizean moto gidari bat hil da Groseko Nafarroa hiribidean izandako istripu larri batean. 11:30 inguruan, Larramendi gasolindegiaren parean, motor batek eta autobus pribatu batek talka egin dute. Istripu horren ondorioz moto gidaria lekuan bertan hil da. 62 urteko gizon donostiarra da.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoa gertaturikoa ikertzen ari da. Hiribideko zirkulazioa erabat moztu dute Erdialderako noranzkoan, eta luzerako itxita egongo da.
Udaleko iturrien arabera, aurten hil den hirugarren moto gidaria da. Martxoaren 17an 51 urteko gizon bat zendu zen Garbera inguruan, eta martxoaren 31n 20 urteko gazte bat hil zen Jose Elosegi alkatearen hiribidean.