Musika elektronikoarekin dantzatuko da Txillida Leku larunbatean
Uztailaren 15ean, Eduardo Txillidaren arte garaikidea eta musika elektronikoa batuko dituzte Txillida Lekun, Dantz Pointen beste edizio bati esker. 2019tik antolatzen dira Dantz Pointak, Dantz festibalaren barruan —festibala 2017an sortu zen—, eta ondarea musika elektronikoarekin eta abangoardiako musikarekin uztartzea dute helburu.
18:00etatik hasi eta 00:00etara bitarte, nazioarteko DJak arituko dira aire zabaleko museoan: Youandewan, Costas, Gela eta M4. Lehenago, 16:00etan, DJ ikastaro batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Horretarako, aurrez izena eman beharko da helbide honetara mezu elektroniko bat bidalita. Sarrera orokorra ere eskuragarri dago Dantz festibalaren webgunean.
Txillida Lekuko aparkalekua irekita egongo da edukiera bete arte. Dena den, museoko aparkalekuaren edukiera-muga dela eta, antolakuntzak etengabeko autobus zerbitzua jarriko du Oronako aparkalekutik, 17:00etan hasi eta ekitaldia amaitu arte.