Artisautzak batu duen komunitatea
Aieteko Gurutzealde auzuneko 12. eraikinean dago Daniel Lizarralderen Zurjole artisautza akademia. 2015ean zabaldu zituen ateak, eta ordutik dihardu, besteak beste, zur taila, otargintza, aulkigintza, ebanisteria eta altzairuak zaharberritzeko ikastaroak eskaintzen. Ordea, akademia bat baino askoz gehiago da Zurjole, bizipen eta bitxikeria askoren sehaska ere badelako. Lantokian harrapatu dugu Lizarralde, eta Zurjoleren historia izan dugu mintzagai.
Ikastola bukatu, eta unibertsitatean Ingeniaritza ikasten hasi zen Daniel Lizarralde (Aiete, 1975). Ikasketa horietan hiru urte zeramatzala, ikasgaiak gainditu arren, ohartu zen ingeniaritza ez zitzaiola batere gustatzen. Eskuekin lan egitea asko atsegin zuen, eta amak lagundu zion bere etorkizuna bideratzen: “Esan zidan ikastaro bat zegoela altzariak zaharberritzen ikasteko. Ikastaroan izena eman nuen, eta zur taila ikasten hasi nintzen. Ikaragarri gustatu zitzaidan, eta hori bukatu nuenean hasi nintzen lanean nire kabuz”. Aieteko Zurjole artisautza akademiaren jabea da gaur egun Lizarralde, baina bide luzea egin du 2015ean bertara iritsi zen arte.
Zur tailako ikastaroa amaitu zuenean, Ingalaterrara joan zen City and Guilds of London Art Schoolen beste ikastaro bat egitera. “Bi urte horietan soilik zur taila egin nuen lau irakaslerekin. Astean zehar, bost egunetatik lauetan, taila egiten genuen, eta Artearen Historia ematen genuen egun batean, modu teorikoan”, oroitu du. “Artisaua izateko hazia” Ingalaterran erein zuela dio Lizarraldek.
Donostiara itzuli zenean, tailer bat zuen artisautzarekin jarraitzeko, baina lan gehiegi lortzen ez zuenez, Antiguako Sport’s Cafe tabernako sukaldean hasi zen lanean, “jateko dirua behar zelako”. Sei urteren ostean, langileak botatzen hasi ziren tabernatik, eta Lizarralderentzat ere gauza bera ekarri zuen patuak: “Esaten zuten garestiena nintzelako bota nindutela, izan ere, besteak kanpotarrak ziren, eta pixka bat gutxiago ordaintzen zieten”.
Depresioari aurre egiteko gaitasuna
Bi urtez langabezian egon zen Lizarralde, eta eskultura munduan bere lekua egiten saiatu zen tarte horretan. Bi urte horien ostean, egoera korapilatu zitzaion Lizarralderi. “Ez dakit zehazki nola deitu, baina depresio txiki bat izan nuen, eta hilabetez egon nintzen zer egin jakin gabe”, aitortu du. Hala ere, eta ordura arte bezala, asmatu zuen bere bidea jarraitzen, eta Lanbidek eskaintzen zuen erizain laguntzaile izateko ikastaro bat egin zuen. “Asko” gustatu zitzaionez, psikiatrian espezializatzeko beste ikastaro bat egin zuen jarraian, eta praktiketan ari zela, bertan lanean geratzeko aukera eskaini zioten. “Horrela, sei urte inguru Usurbilgo psikiatrikoan aritu nintzen lanean. Oso esperientzia interesgarria izan zen niretzat. Ez neukan kontratu jarrai bat, eta egun batzuetarako deitzen zidatzen, txandaka, baina nahiko modu jarraian egin nuen lan bertan”, azaldu du Lizarraldek.
Usurbilen lanean ari zen garaian, ezin zituen erizain laguntzaile eta artisau lanak uztartu, nahiz eta Amaran, Katalina Erauso kalean, tailer txiki bat izan. Lizarralderen aingeru guardakoa agertu zen: Lorenzo Montesino. Urrats bat gehiago egin ahal izan zuen orduan gaur egun dagoen tokira iristeko. Hunkitu egin da ondorengoa kontatzerakoan: “Gurutzealdeko aroztegi batean lan egiten zuen Lorenzo Montesino izeneko arotz bati esker nago Zurjolen. Berak esan zidan Amarako tailerrean dirua gastatzen ari nintzela, eta aurreztu egin behar nuela. Orduan, bere tailerreko goiko solairua eskaini zidan doan, eta bi edo hiru urtez hor egon nintzen berarekin lanean. Hala ere, ikusten nuen psikiatrikoko lana eta bestea mantentzea ezinezkoa zela. Ez nuen hainbeste lan lortzen artisau gisa, baina lokal hau ikusi nuen. Lokala Lorenzoren lagun batena zen, berarekin hitz egin zuen, eta hasteko zerbait adostu genuen. Horrela, martxan hasi ginen 2015ean. Zoritxarrez, Lorenzo duela bi urte zendu zen, 82 urterekin”.
Irekiera, pandemia eta arrakasta
Ikasle batekin hasi zen akademia martxan, 2015eko urrian. Jarraian, Amaia eta Mari Mar izeneko bi emakume hasi ziren bertan lanean, eta alokairuarekin laguntzen zioten. “Eskulanetako ikastaroak ematen hasi ginen gazteentzat, eta hori sekulako laguntza izan zen akademiarentzat. Orain, ikastaro kopurua gutxitu egin da, eta ezin dugu eskulanena mantendu. Akademia pribatu bat denez, ezin ditugu gauza batzuk egin ez badute dirurik ematen, errentagarritasunak pisu handia duelako”, aitortu du.
Ondo daki hori Lizarraldek, izan ere, akademiaren lehenengo bost urteetan soldatarik ez zuela izan azaldu du: “Lokala irekita neukan, baina irabazten nuen guztia inbertitu egiten nuen. Hala ere, eskerrak aitak bazuela lekua etxean. Logela bat uzten zidan eta jaten ematen zidan”.
Ondoren, koronabirusa iritsi zen gurera, eta guztiontzat garai zaila izan zen arren, akademiari jendeak “ikaragarri” lagundu ziola dio Lizarraldek. “Ikasleak ez ziren etortzen, eta ordaintzen jarraitzen zuten, beraien borondatez. Beste batzuk dirua eskaini zuten proiektuarentzat. Ikastarorik gabeko lehenengo hilabetea martxoan izan zen, eta apirilaren bukaeran, bagenekien urrira arte mantendu genezakeela dena ordainduta. Alokairuaren ordainketa ere kendu ziguten, eta sekulako laguntza izan zen”, azaldu du.
Hasieran, Lizarraldek sare sozialetan bideo batzuk jarri zituen akademiaren egoeraren berri emateko, eta lagundu nahi zuenarentzat, kontu korronteko zenbakia ere jarri zuen. “Dirua Bartzelonatik eta guzti etorri zen. Batzuek soldatatik 400 euro ematen zituzten hilero. Azkenean, beste bideo bat egin behar izan nuen jendeari eskerrak emateko eta esateko lasai egoteko, urrira arte behintzat salbu geundela”, adierazi du.
Kasualitatez, Lizarralderen amak istripu bat izan zuen pandemia hasi baino hiru egun lehenago. Istripuaren ondorioz, hainbat orno puskatu zituen, eta urte eta koska egon zen ohean. “Bera laguntzen eta lokala eraberritzen aritu nintzen pandemian. Esan behar dut konfinamendua ez dakidala zer den; egun guztia kanpoan pasatzen nuen, eta lotara joaten nintzen etxera, lokalean gauzak aldatzen aritu nintzelako. Jendea 20:00etan osasun langileei txalo egitera ateratzen zenean, txalaparta hartu, hemen kanpora atera eta txalaparta jotzen nuen bizilagunentzat”, azaldu du.
Pandemiaren ostean, akademia %100 aldatu zela dio. Gero eta jende gehiago hasi zen Zurjolera joaten, eta bide onean jarraitzen dutela aitortu du: “Oraintxe bertan, soldata bat daukat, akademia martxan dago eta 70 ikasle ditugu, zorionez”. Ikasle horiek hainbat taldetan banatuta daude, diziplinen arabera: besteak beste, ebanisteria, altzarien zaharberritzea, puntua eta kakorratz lana, zur taila, otargintza eta aulkigintza ikasteko aukera dago.
Maisutik aprendizerako transmisioa
Ofizioak beti transmititu izan dira maisuetatik aprendizetara, “ofizio bat dakien norbaitekin urte askoan zehar lanean arituz”. Gaur egun, orokorrean nahiko galdua dagoen arren, filosofia horrekin jarraitzen du Lizarraldek, eta 2019an, Artisautzako Sari Nazionaletara iritsi zen. “Gure proiektuaren gaia zen nola transmititu ofizioa maisutik aprendizera, hori galdu egin baita orain. Ez genuen saria irabazi, baina lehenengo hiru finalisten artean izan ginen”, azaldu du.
Saria irabazi ez arren, bere filosofia praktikara eraman zuen Lizarraldek, eta gaur egun, Elena de Diego izeneko aprendiz bati irakasten ari zaio artisau ofizioa. “Nirekin ari da ikasten, eta ikasi ondoren, nire lanak egiten lagunduko dit. Hemendik bi urtera ikusi beharko dugu ea nola aurreratu duen, eta gero bere kabuz egin ahal izango ditu lanak, artisau gisa”, azaldu du.
Berezia da De Diego nola ezagutu zuen Lizarraldek. “Bere senarrari asko gustatzen zaizkio sareta daukaten aulkiak, eta Internet bidez aurkitzen ditu. Thonet aulkiak, adibidez, oso ospetsuak dira, zaharrak eta oso garestiak. Gizonak bat aurkitu zuen, eta niregana etorri zen, sekulako gogoa zuelako hori konpontzeko. Esan nion dagoeneko ez nuela lan hori egiten, asko kobratu behar nuelako eta jendea ez dagoelako prest hori ordaintzeko, baina berak esan zidan berdin zitzaiola. Esateko zenbat zen eta ordainduko zidala. Gero, berarekin harremanetan jarraitu genuen, eta bere emaztea, De Diego, lanik gabe zegoen, lan bila. Orduan, behin biak batera etorri ziren, eta esan nion nahi bazuen probatu zezakeela aprendiz gisa hastea hemen”.
De Diegok Lizarralderen ama ere badu iraskale, kolorea lantzeko bereziki. “Ni daltonikoa naiz, eta ez dakit koloreak bereizten. Nire amak pinturako Adour Bidasoa saria irabazi zuen, eta aulkien tindaketak beti berak egin izan ditu. Beraz, norbait aulkigintza ikasten ari bada, nire amak erakusten dio tindagaiekin lan egiten. De Diegorekin ere aritzen da lanean, eta berak erakusten dio koloreak nola berdindu”, nabarmendu du.
Artisautzaren egoeraren inguruan galdetzea “oso polita” iruditu zaio Lizarralderi, nahiz eta egoerari ez liokeen adjektibo bera jarriko. “Oraintxe bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak badauka diru laguntza lerro bat artisauentzat. Oso indartsua da, ia-ia 500.000 eurora iristen delako. Hori oso beharrezkoa iruditzen zait eta oso ideia ona da, baina ez da nahikoa. Duela 30 urteko ideietan geldituta gaude, eta eredua aldatu behar da, baina ez dakigu nola egin aurrera”, adierazi du.
Lizarralderen ustez, artisauek formakuntza izan behar dute onak izateko. Hain zuzen ere, formakuntza hori nolakoa izan behar den jasotzen du Europako Michelangelo Foundation fundazioaren Homo Faber Guide liburuak, Lizarralderentzat, “erreferentea” denak. “Liburuak azaltzen du zer den artisau bat izatea eta zer behar duen artisau batek, puntu batzuen bidez. Puntu horietako bat da artisaua maisua izan behar dela. Beti pentsatzen dugu maisu izatearen ideia hori sekulako kontu indartsua dela, baina ez da hori; azken finean, artisau maisua da gaitasuna duena artisautza irakasteko. Ez da erraza maisu gisa besteei dakizuna transmititzea, eta hori da falta zaiguna”, deitoratu du.
Azken finean, erakundeek artisautza diruz laguntzen badute, errazagoa izango da jendeak beraien lana ikustea eta ulertzea, Lizarralderen arabera: “Artisau gisa, produkzioa egitea derrigorrezkoa da, baina jendeak jakiten badu zenbat kostatzen den hori egitea, balioa emango dio eta diru gehiago ordainduko du eskuz egindako produktu baten truke. Azoketan 12 euroko zerbait saltzen kalitatea galtzen ari gara, izan ere, ez dauka etorkizunik artisau izateak kalitaterik gabeko zerbait saltzeko”.
Artisautza akademia bat baino gehiago
Bizitzan egin duen ia guztiak Zurjolera daramala dio Lizarraldek, eta badu bizipen bat, orain arte lanean izandako “bereziena” iruditzen zaiona. Hunkituta kontatu du ondorengoa ere, ezinbestean: “Erizain laguntzaile gisa lan egiten nuenean, mutiko bat ezagutu nuen, %95eko paralisia zuena. Berak lan egin nahi zuen, baina egoera horretan ez da batere erraza. Espainiako irabazlea zen gurpildun aulkiko eslalomean, eta gurpildun aulkiarekin ikaragarri ondo moldatzen zen. Aieteko Matiaren egoitzan bizi zen, eta behin ikusi nuen, autoa gelditu eta galdetu nion ea zertan ari zen hemen. Bera lan bila ari zen, baina esaten zioten dependentea bazen ezin zuela langile autonomoa izan”.
Hori jakin ostean, laguntzeko prest agertu zitzaion Lizarralde: “Zurjolera etortzen aritu zen, eta hemengo aulki guztiak berak ondu zituen. Laguntzarekin noski, baina berak egiten zituen gauzak, lurrean etzanda, eserita edo ahal zuen bezala. Ikaragarria zen bere motibazioa. Askotan ez zen etortzen, izan ere, erakundeak ez daude prest horrelako pertsonei behar bezala laguntzeko. Azkenean, ideia bat bururatu zitzaion, eta lortu zuen ur botilak saltzea Parte Zaharrean, euro baten truke. Horrela, bere enpresa modukoa muntatu zuen. Azken finean, denok nahi dugu lan egin eta ondo sentitu, eta azkenean, berak bere lana aurkitu zuen”.
Lizarraldek sentitzen du pertsona horrek bere bizimodua aurkitzeko balio izan zuela Zurjolek. “Niretzat hori izan zen onena. Erizain laguntzaile gisa ere, sekulako lana egiten ari ginen azken sei urteetan berari laguntzeko, baina berak beti esaten zuen ez zuela bizitzen jarraitu nahi. Arazo bat izan zuen, eta bere burua bota zuen bosgarren solairu batetik. Hil ez zen arren, eskua galdu zuen. Horren ostean, oso gaizki zegoenean, esan zuen eutanasia nahi zuela. Beraz, eutanasiaren ondorioz joan zen”, azaldu du.
Lizarralderentzat, hori da Zurjoleren esentzia biltzen duen anekdotetako bat, komunitatea sendotzeko balio izan zuelako. “Izan ere, jendea etortzen zenean eta bera lanean zegoenean, eta esaten zuten pertsona horrek gero eta hobeto hitz egiten zuela. Oso konplikatua zen berarekin komunikatzea, eta jendeak pentsatzen zuen pixkanaka hobeto hitz egiten zuela; baina ez zen hori, baizik eta pixkanaka jendeak hobeto ulertzen ziola. Jendea ohitzen joan zen berarekin egotera, eta ezagutzen ari zen bere komunikatzeko lengoaia. Bera aldatu ordez, komunitate guztia ari zen aldatzen berarekin harremanetan jartzeagatik, eta hori da inpresio gehien egin zidana”, aitortu du.
Komunitatea egitea helburu izan arren, adierazi du “oso konplikatua” dela jendeak jakitea Zurjole existitzen dela. “Azken finean, komunikabideetan ateratzen garenean jende gehiagok ezagutzen gaitu, baina bestela auzokoek ezagutzen gaituzte. Ahoz ahokoak asko laguntzen digu, baina egia da primerako erakusleihoa dugula. Jendeak lanean ikusten gaitu, eta gelditu egiten da, ondoren sartu eta galdetzeko”, azaldu du. Zurjoleko ikasle baten hitzak etorri zaizkio jarraian gogora: “Argentinako neska bat ezagutzen dut, eta berak esaten du Zurjolek komunitatea egiten duela. Lehenengo egunean esan zuen hori, eta ez nion garrantzi handirik eman, baina egia da; azkenean, Zurjolek jendea batzen du, eta auzoa elkartzen du”. Horren erakusgarri da ikasleek Zurjoletik ateratzean izaten duten aurpegia, Lizarralderen arabera: “Jende guztia etortzen da nekatuta lanetik eta sekulako irribarrearekin ateratzen da hemendik”.
Irribarre horiek urrian itzuliko dira Zurjole akademiara, udako oporren ostean ikasturte berriari heltzen diotenean.