Bi solairuko trolebusek hiria hartu zutenekoa
Bi solairuko trolebusak, 1961ean Pasaiako portura iritsi zirenetik, 1973ra arte hamaika zerbitzu eskaini zituzten. London Transport enpresako BUT trolebusek arrakasta handia izan zuten Donostian. Guztira, 25 trolebus erabili zituen Donostiako Tranbia Konpainiak.
London Transport enpresaren bi solairuko trolebusa Kontxako pasealekutik. (Argazkia. Joaquin Peñalosa) Donostiak bi solairuko trolebusak izan zituen, baina hamabi urtez bakarrik egon ziren martxan. Gaur egun bi solairuko trolebusak ezohiko ibilgailuak dira, baina, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Donostian arrakasta handia izan zuten.
Trolebusak ekartzeko lehia piztu zen Donostiaren eta Bilboren artean. Bi hiriek eskaera aldi berean egin bazuten ere, Donostiara Bilbora baino hiru aste beranduago iritsi zen.
Bilboko trolebus berriak Getxoko portura heldu zirenean, jendeak irrikaz eta pozez jaso zuen albistea, baina ez zekiten ibilgailu hauek erabiltzeko itxaronaldia luzea izango zela.
Bartzelonako eredua jarraituz
1960. urtean, Joaquin Peñalosa Donostia Tranbia Konpainiako zuzendaria Bartzelonako tranbia konpainia ezagutzera joan zen, eta bisita aprobetxatuz, Pegaso enpresako azpiegiturak bisitatu zituen. Bertako zuzendariarekin hitz egin ondoren, Londresko trolebusen berri izan zuen Peñalosak, eta asko pentsatu gabe, Londresera joan zen.
Han zegoela, Ingalaterrako tranbien prezioa eta hauen tresneria elektrikoak aztertu zituen, eta sei trolebusengatik negoziaketak hasi zituen. Espainiako Gobernuak trolebusen gaineko lege bat ezarri zuen, horrek negoziaketak zaildu zituen eta egun batzuk luzatu ziren. Negoziaketekin arazo ugari izan zituzten, baina azkenean, 1960ko abendu amaieran trolebusak inportatzeko baimena lortu zuten. 1961eko otsailaren 12an Londreseko portutik atera zen Hillen Olderdoff itsasontzia trolebus guztiekin, eta handik bi egunetara Pasaiako portura iritsi zen.
Hainbat hilabetez egon ziren geldirik trolebusak. Aduaneko autoritateek balio erantsi bat jarri nahi zioten ibilgailuei, gauzak horrela, Peñalosak bere idazkari zen Jose Ramon Matxinbarrenarekin batera, gobernuko hainbat agintariekin bilerak egin zituzten irtenbide bat lehenbailehen topatzeko.
1961ko maiatzean, trolebusak Pasaiako portutik ateratzea lortu zuten Fenwick enpresako orgekin. Ordurako N1 errepidea elektrifikatuta zegoen, eta behin orgekin errepide nagusira aterata arazorik gabe joan ziren trolebusak Ategorrietako kotxetegiraino. Hainbat trolebus probak egin zituzten hiriko kaleetatik eta Bentaberriraino heldu ziren.

Errepideak egokitzeko beharra
Ibilgailuen altuera kontuan hartuta, zenbait kaletan obrak egin behar izan zituzten. Gainera, ibilgailuen jatorria aintzat hartuta, hau da, Erresuma Batuko zirkulazioa ezkerreko erreietik dela eta, aldaketa handiak egin zituzten.
Ibilgailuetan ere aldaketak egin zituzten: ateetan eta bolanteetan, hain zuzen. Aldaketa hauek egiteaz Irizar enpresa euskalduna arduratu zen, eta Ormaiztegin zituzten azpiegiturak erabili zituzten lan hauek egiteko. Egun batzuk behar izan zituzten ibilgailuetako elementu hauek aldatzeko.
1961eko maiatzaren 20a egun handia izan zen, denbora luzez itxaroten egon ondoren, BUT konpainiako Q-1 modeloko trolebusak ofizialki estreinatu zituzten. Lehenengo zerbitzuan, Urbieta kaleko Obra Publikoen Buruzagitza, Pio XII.a biribilgunean kokatuta zegoen Gobernu Zibilaren eraikina eta Donostiako Udaletxea bisitatu zituzten. Uztailaren 18an, herritarren zerbitzurako lehenengo hiru trolebusak inauguratu zituzten. Honako hauek izan ziren ibilgailu hauen matrikulak: 71, 72 eta 73. Udazkenerako, 74, 75 eta 76 lineak ere denon zerbitzura zeuden. Garai hartako jendearen iritziz, arrakasta handia izan zuten ibilgailu hauek, eta haurrak beti borrokan ibiltzen ziren goialdeko lehen eserlekuetan esertzeko.
Irizar enpresak denbora gutxian ibilgailu guztien aldaketak egin zituen, baina produkzio kostu handiak zirela medio, beste ibilgailuen aldatze lanak Ategorrietako kotxetegira eraman zituzten. Guztira 25 ibilgailu erabili zituzten 1969. urtera arte. Urte horretan, erabaki garrantzitsu bat hartu zuen Donostiako Tranbia Konpainiak. Hamabi ibilgailu erretiratu zituzten, Pegaso enpresak beste hamabi ibilgailu berri jarri baitzituen. Gainera, erabilera handiko autobus linea bat kendu zuten, Igeldo eta Bentaberriren artekoa.
BUT konpainiaren bestelako trolebusak 1973ra arte martxan egon ziren. Azkenean, hamabi urtez martxan egon ondoren, bi solairuko trolebusak ez ziren Donostian ikusten, solairu bakarrekoek hartu zutelako protagonismoa berriz ere.



