Festa egutegiaz kanpoko herri bazkariak debekatu nahi ditu udalak, EH Bilduren arabera
EH Bilduk aditzera eman duenez, Eneko Goiak zuzentzen duen gobernuak “udal festa egutegiaz kanpo” antolatzen diren herri bazkariak bide publikoan egitea debekatu nahi du. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako sailak ekaineko barne ebazpen batean jaso du erabakia, eta ebazpen hori izan da EH Bilduk eskuratu ahal izan duena. “Hala jaso du Gune Publikoak barne idatzi batean”, adierazi du. Neurria hurrengo urtean sartuko litzateke indarrean.
Hori ikusita, koalizio soberanistak “kezka” azaldu du, “espazio publikoa hiritar guztiona baita”, eta erabakia onartuz gero egin ezingo liratekeen bazkari batzuk zerrendatu ditu: “Festa egutegiaz kanpo, ugariak eta askotarikoak dira espazio publikoan gure hirian egiten diren herri bazkariak, auzo, kultur, bizilagun zein guraso elkarteak sustatuta, batzuk baino ez aipatzearren”.
Gisa horretako egitasmoen balioa nabarmendu du EH Bilduk, “kohesiorako eta auzo bizigarriak egiteko ezinbesteko tresna izateaz gain, auzolana eta pertenentzia sentimendua indartzen baitituzte”. Beraz, erabakian “atzera egitea” eskatu diote udal gobernuari: “Gizarte dinamikoak eta askeak nahi baditugu, neurriak ezin dira debekuaren eta inposizioaren bidetik joan”.