Legealdi berria, aldaketarako aukera
Hauteskundez hauteskunde gabiltzan uda giroan gobernu berriak osatu dira Gipuzkoan eta Donostian. Emaitzetan aldaketak egon diren arren, aurreko binomioak jarraitu egingo du. Lehengo lepotik? Ez dadila horrela izan, itxaropena ez da galdu behar eta.
Kanpainetan ingurumena erakusleiho hutsa izan ohi da, klima aldaketaren diskurtsoaren olatu txanpa hartu nahian ibiltzen dira. Energiaren industria mendietara eraman nahi dute, beste behin ere politika orokorrean ezer gutxi aldatuz. Berehalako etekinaren bila doaz, bakar batzuentzat soilik izango dena, sortutako kalteak naturak eta biztanle orok pairatuz eta gastuak denon artean ordainduz. Erregai fosilen gainbehera ikusita, enpresa handien interesak hor daude jarrita, diru iturri berriak ustiatzeko gosez.
Jasangarritasun hitzak esanahia galdu du, edo geuk behintzat ez dugu ulertzen, abizen hori politika guztiei jartzen baitiete. Mugikortasun jasangarriaz mintzo dira, baina errepideak eta lotuneak egiten jarraitzen dute etengabe, kamioiak, furgonetak eta autoak lehenetsiz. Zirkulazio arazo nahikorik ez erdigunean, emisio gutxiko eremuak finkatu gabe egonda, eta San Bartolomen lur azpiko aparkaleku berri bat aurreikusten du Donostiako Udal Gobernuak. Urte hasieran bitxia iruditu zitzaigun Eneko Goia alkateak esandakoa. Lege berriak udala ezustean harrapatu eta emisio gutxiko eremuak ezin zirela finkatu argudiatu zuen. 2020tik udalak berak aurreikusten zuen eremu horien sorreraren beharra, eta hala jasota dago pertsonen aldeko Garapen Jasangarri Baterako 2020-2030 Udalaren Agendan. Ikusiko dugu zertan gelditzen den San Bartolomeko proiektu atzerakoia, eta noizko zirkulazioaren kontrolpeko gune horien sorrera. Garapen jasangarria ala batzuen hazkunde ekonomiko etengabea?
Hiriko Turismo Jasangarriaz mintzo zaizkigu oximoron garbia izan arren. Harro ageri dira Tourrak izango duen eragin positiboaz, kalitatezko turismoa erakarriko omen baitu. Migranterik ez dugu nahi, morroi gisara lanean ari ez badira. Hirigunea parke tematiko bilakatuta, munduko beste edozein hiritakoa izan liteke. Auzo batzuk saturatuta, bertako bizilagunak ondorioak pairatzen eta herritar asko horietan arrotz sentitzen dira. Gazteria herrigunetik eta eskualdetik kanporatu dute, hiriburuaren eraginaren hedatze uhina kontrola ezina delako. Agian konbentzitu nahiko gaituzte jasangarria dela munduko beste puntatik hegazkinez etortzea eta luxu artean ibiltzea, lehengaiak eta energia xahutuz. Dena jasangarria da jasanezina bilakatu arte, eta berdez margotuta ere bai. Burugabea bezain hipokrita da maiatzaren hasierarako urte osorako zegozkigun ura eta energia gastatu ditugula jakinda bide beretik jarraitzea. Gobernu berriak behar dugun aldaketa sakonerako ausardia izango al du? Zoritxarrez, ez dugu uste.
Proiektu estrategikoak aipatzen dituzte eta lehentasun garbiak dituztela diote, baina guk horietan ez dugu gure ondare naturalaren kontserbazioaren aldeko aldarririk entzun. Diskurtsoetan kontrakoa esan arren, artifizializatutako lurzoruaren azalera handitzen doa, eta hor daude Donostiako gerriko berdea bera ere arriskuan jarriko luketen Antondegiko eta Belartza Goikoa eremuko proiektuak. Azken horretan harrien betelan ilegalak bere horretan jarraitzen du, EAEko Auzitegi Nagusiak kentzeko agindua eman zuenetik lau urte luze pasatuta. Aldiz, zortzi hilabete igaro dira udalak esan zuenetik enpresa erantzuleak hamabi hilabetetan beteko zuela agindua. Oraingo legealdian proiektu ero horiek geratuko al dituzte? Behingoz bultzatuko al dute aipaturiko babes gerriko berde urdina eta Unanue Landa Parkearen unea iritsiko al da?
Beste batzuetan aitortu dugu gure erabateko harridura agintean dauden alderdiekiko eta osatzen dute gobernuekiko, zirkulazio azpiegiturak, industrialdeak edo bestelako akordioak sinatzeko eta elkarlana bultzatzeko ageri duten prestasuna dela eta. Manteoko berdegunea suntsituko duen Basque Culinary Center berria adibide garbia dugu: dirutza publikoa lurzoru publikoan egitasmo pribatu baten alde. Euskal eskola publikoak, unibertsitate publikoak, Osakidetzak edo kultur etxeek beraiek (bertan Okendokoa dugu) izango ez dutena.
EAJ-PSE-EE tandemak urteak daramatza Eusko Jaurlaritzan, Gipuzkoako Aldundian eta Donostiako Udalean, baina natura babesteko gune berriak sortzeko eta daudenak zabaltzeko ez dute batere interesik erakutsi. Maiz gogoratu diegu Landarbaso Aiako Harria Parke Naturalean sartzeko konpromisoa hartu zutela. Uliako Kontserbazio Bereziko Eremua hegoaldera eta itsaso aldera zabaltzeko proposamena mahai gainean dute. Baita ere, Mendizorrotz, Teniseko itsasaldien arteko zabalgunea eta uhartea, inguruko itsas eremuarekin Europako Natura 2000ko babesgune berria izendatzeko proposamena. Donostiako Udalak noiz helduko dio serio?
Azken urteotan udalak zenbat inbertitu du naturaren eta biodibertsitatearen kontserbazioan? Zenbat lur eremu erosi ditu kontserbazioari begira? Igeldoko igela autobusetan dugu, Urgulleko sugandila ospetsua egin zitzaigun, uhartean Gipuzkoan zegoen kaio beltzaren habia bakarra genuen, saguzarrak, bisoia, ur satorra, landare mehatxatu ugari eta abar. Horietarako inbertsioak eta babesteko akordioak non daude? Oraingoan bai, akaso.