Maddi Barber izango da aurtengo Museo Bikoitzaren artista berria
San Telmo museoak Museo Bikoitza programa antolatzen du, eta aurtengo artista berria Maddi Barber zinemagile nafarra izango da. 2022. urteko artista irabazleak, Hinrich Sachsek aukeratu du Barber. Aurkezpenean adierazi duenez, San Telmo museoan lana egiteko, museoari buruzko jakinduria eduki behar du, eta egindako ibilbidea kontuan hartuta, Maddi Barber aukeratu du.
Artista nafarrak ibilbide luzea du egina, Europako jaialdietan hainbat erakusketa egin ditu, eta horrez gain, naturari lotutako filmak ere ekoiztu ditu. 2019an, Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu: Paraiso, 592 metroz goiti, Urpean Lurra eta Gorria izan dira azkenak. 2018an egin zituen lehen urratsak, eta, geroztik, Barberrek aitorpena irabazi du zinema komunitatearen eta bideogintzako adituen artean.
Museo Bikoitza programa 2018an sortu zen, eta honen bitartez Barberrek datozen sei hilabeteetan ikerketa lanak egingo ditu San Telmo museoan. Haututako artistak museoarekin batera proiektu berri bat ekoiztuko du. Maddi Barberrek proposatutako lanaren azken emaitza ikusgai egongo da San Telmo museoan, 2024an. Erakusketa denbora batez ikusgai egon ostean, museoaren arte bildumari gehituko zaio.