Dorreen aurkako elkarretaratzea egingo dute berriro ere Loiolako Erriberako bizilagunek
Erriberak Martxan auzo elkarteak jakinarazi duenez, elkarretaratzea egingo dute berriz auzoko Sahatsa eremuan eraiki nahi dituzten dorreen aurka. Bihar, uztailak 18, elkartuko dira, 19:30ean, eremu horretan bertan.
Ekainaren 29an antolatu zuten azken elkarretaratzea, eta hainbat lagun batu ziren Eusko Jaurlaritzak eremu horretan eraiki nahi dituen hamazazpi eta hamahiru solairuko bi dorre horien aurka daudela adierazteko. Sahatsa eremua dorreak eraikitzeko “txikiegia” dela uste dute hainbat bizilagunek, eta ondoan dagoen errepideko soinua “jasanezina” dela diote.
Dorreen proiektua geldiaraztea lortzen badute, bizilagunek aisialdirako gune bat eraiki nahi dute bertan.