Emakumezkoen eskubaloiko Espainiako eta Portugalgo taldeen arteko Superkopa Donostian jokatuko da
Emakumezkoen eskubaloiak ere Espainiako eta Portugalgo taldeen arteko Superkopa izango du, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak iragarri duenez, Donostian jokatuko da. Gaska kiroldegian jokatuko dituzte finalerdiak eta finala, irailaren 8an eta 9an, hurrenez hurren. Bertan, Bera Bera eta Malaga taldeak, eta Portugalgo Benfica eta Madeira taldeen aurka lehiatuko dira Superkoparen bila.
Aurreko urtean, gizonezkoen txapelketa estreinakoz egin zuten Malagan, eta izan zuen arrakasta ikusita, emakumeena ere egitea adostu dute bi herrialdeek. Urte gutxian horrelako bi txapelketa antolatu dituzte Donostian. Horrelako txapelketa bat berriz ere antolatzeko arrazoietako bat 2021ko Erreginaren Kopan publikoak izan zuen erantzuna izan dela adierazi du Espainiako Federazioak. Hortaz, bi federazioek, Gipuzkoako Federazioak eta Espainiako Federazioak, 2023ko bi herrialdeen arteko lehen Superkopa Donostian izateko akordio bat sinatu zuten.
Herrialde bakoitzeko bi talde onenak ariko dira finalaren bila irailaren 8an. Zozketaren ondorioz hala aukeratuta, hauek izango dira finalerdiak: batetik, Malaga (Espainiako ligako txapelduna) eta Madeira (Portugalgo ligako bigarren sailkatua eta kopako finalista) ariko dira, eta bestetik, Bera Bera (Erregina Kopako txapelduna) eta Benfica (Portugalgo ligako eta kopako txapelduna) ariko dira. Hurrengo egunean, hirugarren eta laugarren postua zehaztuko duen partida eta finala jokatuko dituzte. Oraindik ere partiden ordutegiak eta sarreren prezioak zehazteke daude.