Goiaren "utzikeriak" La Cumbreren lagapena arriskuan jar dezakeela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk salatu du Eneko Goia alkatearen aldetik “erabateko ekimen eza” ikusi duela Aieteko La Cumbre eta inguruko lurrak berreskuratzeko kudeaketan. Madrilgo Gobernuak Donostiako Udalari egindako lagapena da honakoa, Memoriaren Legean jasota dagoena.
Akordio hori Madrilen lortu zuten EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak joan den urteko ekainean, eta 2022ko urrian onartu zuten aipatu legea, espazio hori berreskuratzeko aukera irekiaz.
“Harrigarria da Eneko Goia alkateak ez duela interesik erakutsi eraikin hau eta inguruko lurrak Donostiarentzat izan daitezen”, adierazi du EH Bilduk. Bere ustez, “bitxia” da inguruko lorategiekiko “interes handiagoa” agertzea eraikinarekiko berarekiko baino. Eraikin hori, lortutako akordioak jasotzen duen bezala, Estatuaren biktimak aitortzeko Memoria Zentroa izango da. “Zergatik izan da posible Nafarroan Ezkabako gotorlekua lagatzea, eta Donostian ez? Izan ere, Donostian alkateak ez du ofizialki akordioa betearazteko eskatu”, azaldu du EH Bilduk.
Astelehen honetako Ogasun Batzordean alkateari zuzenean galdetu diote ea eskaera formalik egin duen lagapena gauzatzeko. Erantzunak “erabateko utzikeria” erakusten duela uste dute, Presidentzia Ministerioari egindako eskaera formal eta ofizial hori ez dagoelako.
EH Bilduk lan hori berehala egiteko eskatu dio Goiari. “Ezin da gehiago atzeratu. Urrian urtebete beteko da, eta orduan amaituko da La Cumbre berreskuratzeko epea”, nabarmendu du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak.
Aukera hau ez aprobetxatzea “arduragabekeria” dela uste dute, baita Goia akordioaren parte ez dela “aitzakia gisa” jartzea ere, “akordio honen onuradunak donostiar guztiak eta Donostia garela ahaztuta”. “Akats politiko” baten aurrean gaudela uste du EH Bilduk, eta Donostian elkarbizitzarako “hain beharrezkoak” diren proiektuak aurrera ateratzeko alkateak duen “ekimen eta perspektiba faltaren aurrean” gaudela esan du.
Horregatik, EH Bilduk hilaren 27ko osoko bilkuran kontrol mozio bat aurkeztuko du, alkatea premiatzeko akordio hori gauzatzeko beharrezko urratsak eman ditzan.