Osasun publikoaren murrizketen aurkako agerraldia egin dute Amara Berriko osasun etxean
Olatu Txuriak eta DOPAk deituta, osasun publikoak udaran izango dituen ordutegi murrizketen aurkako elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Amara Berriko osasun etxean. Bertan, herritarrak eta medikuak batu ziren, Murrizketarik ez!!! Ez udan, ez neguan lelopean. Juan Karlos Izagirre udal zinegotzia ere Amara Berriko osasun etxeko ate nagusian izan zen.
Ordutegiak murriztearekin batera, Donostiako hainbat osasun etxetan langile gutxiago dabiltza lanean, eta “egoera larrian” daude osasungintzako hainbat sektore. Bereziki kezkagarriena etengabeko arreta gunea dela diote langileek. Erizainen eta sendagileen kopurua oso murritza da beharrezko zerbitzua aurrera ateratzeko, eta Idoia Serna DOPAko kideak argitu zuenez, oso zaila da zerbitzua aurrera ateratzea. Murrizketa hauek kontuan hartuta, 08:00-20:00 ordutegia duten osasun etxeek 17:00ak arte murriztuko dute ordutegia.
Elkarretaratzera Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko kideak ere joan ziren, eta guztiek argi zuten: “Kalitatezko osasungintza publikoaren alde aritu gara, eta arituko gara: murrizketarik ez”. Han zeudenen ustez, gaur egungo murrizketen arazoa “Osakidetzaren porrotaren” ondorioz izan da.