Karabela portugesen aurrean jokatzeko protokoloa onartu du udalak
Azken asteetan, karabela portugesak ugaritu egin dira Donostiako hondartzetan, eta Donostiako Udalak jarduketa protokolo bat prestatu du horien aurrean jokatzeko.
Azaldu dutenez, ikusten bada hiru karabela portuges baino gutxiago daudela, bandera horia jarriko da ale horiek azaldu diren azpieremuan, baita marmoken logotipoa duen bandera ere.
Karabela portugesen hiru ale edo gehiago atzemanez gero, Santa Klara uhartea barne, bandera gorria eta marmoken marrazkia daraman bandera jarriko dira azpieremuan, eta debekatu egingo da hor bainatzea.
Protokoloak dio karabela portugesen hamabost ale edo gehiago begiztatuz gero, hondartzak bainurako erabat itxi ahal izango direla. Kasu horretan, bandera gorria jarriko da hondartzetan, bai eta marmokaren marrazkia duen bandera ere, eta debekatuta egongo da bainatzea.
Karabela portugaldarrak ordubetean pertsona bat edo bi pikatu baditu eta espezie horren ale bat baino gehiago begiztatu bada, hondartza osoan jarriko dira bandera gorria eta marmoken logoa duen bandera, eta debekatu egingo da bainatzea. Horrez gain, megafoniaz mezu hau zabalduko da: “Marmoka arriskutsuak dabiltza hondartzan eta beraz, debekatuta dago bainatzea”.
Protokoloak hainbat azpieremutan banatzen ditu hondartzak. “Horrekin lortu nahi dena da, karabela portuges bat ikusiz gero, horrek ez eragitea hondartza guztiari, baizik eta soilik hura agertu den eremuari. Begiztatzeaz gain norbaiti heldu badiote, orduan hondartza guztian hartuko dira neurriak”, adierazi du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.