Manteo hirigintza eremuko erabilera esleitu dio udalak BCCri
Udal gobernuak adostu du Manteo hirigintza eremuko erabilera Basque Culinary Center fundazioari esleitzea. Tokiko Gobernu Batzarrean hartutako erabaki horrekin, beste urrats bat eman da BCCk eraiki asmo duen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza eremu horretan eraiki ahal izateko, baina “oraindik pauso administratibo batzuk geratzen dira”, Eneko Goiaren hitzetan. Esleipena 75 urterako eman da, doan, eta honako erabilera izan beharko duela adierazi du alkateak: “Gastronomiaren balio kate osoan sormenerako, berrikuntzarako eta garapenerako zentro bat sortzeko eta ustiatzeko”.
Hala, udal gobernuak entzungor egin die Uliako auzo elkarteak eta EH Bilduk erabakia ez hartzeko egindako eskaerei. Auzo elkarteak kritikatu du aurreko planaren ebazpen judiziala jakin gabe eman dela urratsa. Horri erantzunez, Goiak “epaileak eta prozesu judizialak errespetatu” egiten dituela aipatu du, “baina udal ekimena ezin da gelditu helegiteak aurkezten direlako”, nabarmendu du.