Ostiralean bukatuko da 'Familian Sukaldatzen' lehiaketan parte hartzeko epea
Donostia Festakek donostiarrak animatu ditu abuztuaren 12an hasiko den Familian Sukaldatzen II. gastronomia lehiaketan parte hartzera. Wegunean dagokion formularioa beteta edota Eroski supermerkatuetan eman daiteke izena, eta hilaren 21ean edota 30 taldek izena ematen dutenean itxiko da.
Gipuzkoa plazak hartuko du lehiaketa abuztuaren 18an, 18:00etan, eta helburua da 8 eta 14 urte bitarteko haurrek helduekin batera sukaldean aritzea, betiere, jaki elikagarri eta elikadura jasangarria sustatzeko. Taldeak bi eta lau pertsonen artean osatuak egongo dira, eta talde bakoitzaren erdia gutxienez 8 eta 14 urte arteko pertsonak izango dira, eta gainerakoak (pertsona bat edo bi) 14 urtetik gorakoak.
Finalera sailkatzen diren taldeek epaimahaiak emango duen osagai nagusi batekin plater bat prestatu beharko dute. Aurten, epaimahaiak erabaki du osagai nagusi hori arrautza izatea, eta gutxienez 4 osagai izan beharko ditu (arrautza barne).
Hiru talde onenentzat sariak egongo dira. Hirugarren sailkatuak 100€ Eroski erosketa-txarteletan, mantalak eta diplomak jasoko ditu; bigarren sailkatuak, 150€ Eroski erosketa-txarteletan, mantalak eta diplomak; eta lehen sailkatuak, 200€ Eroski erosketa txarteletan, Aste Nagusiko sukaldariaren jakatxoa eta diplomak, bazkari bat taldeko kideentzat Garberako Terracity jatetxean, eta Sukaldaritza tailerra BCC Culinary Cluben.