Uliako auzo elkarteak helegitea aurkeztu du Basque Culinary Centerrentzat sortutako Hirigintza Plan Bereziaren aurka
Uliako Auzo Elkarteak helegitea aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Manteon eraikitzeko Plan Bereziaren aurka.
Uliako auzo elkarteak jakinarazi duenez, Donostiako Udaleko EH Bildu, Podemos eta Donostiako Alderdi Popularreko talde eta ordezkariek entzun dituzte euren aldarrikapenak, eta beraien “sinesgaitza” partekatu dute gobernu taldeak lursail hau ateak itxita lagatzeko asmoarekin. “Gai izugarri larria da, lursail publiko bat fundazio bati lagatzea suposatzen baitu, nahiz eta udalaren beraren parte hartzea izan. Hala ere, Eneko Goia alkateak ez du astirik izan gurekin biltzeko, azken bost urteotan bezala, ideiak trukatzeko interes falta erakutsiz”, adierazi dute.
“Komunikazio falta” horren aurrean, legeak ezarritako epean hirigintza plan bereziaren aurkako demanda aurkeztera “behartu” dituztela adierazi du auzo elkarteak. “Ez dugu koherentetzat jotzen esleipenarekin jarraitzea aurreko planaren ebazpen judiziala ezagutu gabe”, nabarmendu dute.
Manteoko parkeak errespetatzeko, zaintzeko eta hobetzeko beraien konpromisoa berretsi dute, eta adierazi dute “beti” egongo direla prest “komunitate osoaren onurarako” irtenbideak bilatzeko.
Jakinarazi dutenez, asteazken honetan, hilak 19, 17:00etan, Manteo parkeko lurzoruan dauden zuloak estaltzeko batuko dira. Horrez gain, Manteo institutuko hormetan horma irudia egiten jarraituko dute, eta “edukiontzi faltagatik eta mantentze lanengatik” sortutako zaborra garbituko dute.
Horrez gain, hilaren 21ean, ostirala, 19:00etan, Mikel Karton auzoko bizilaguna protagonista duen kontzertua eskainiko dute.
EH Bildu, lursailaren lagapenaren aurka
Uliako auzo elkarteak EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako helegitearen aurrean, EH Bilduk eskatu du BCCerako lursailaren lagapena gaurko Tokiko Gobernu Batzarraren gai zerrendatik kentzeko. Izan ere, gaurko gai zerrendan dago, 22. puntuan zehazki, aipatutako lursaila BCCri lagatzea onartzea.
“EH Bilduren ustez, ordea, akatsa litzateke horrekin aurrera segitu eta helegitea kontutan ez hartzea, izan ere, Plan Bereziaren legezkotasuna eztabaidatzen den eremu batean partzela bat lagatzea onar baitaiteke”, adierazi dute.