Berritasunekin dator aurten Glad Is The Day jaialdia

Abuztuaren 29an egingo da VII. Glad Is The Day jaialdia Egiako parkean. 11:30ean hasi eta 20:30era arte, hamalau kontzertu egongo dira, bi oholtzatan banatuta: sei talde arituko dira Agertoki Nagusian (La Ola Maldita, Kulto Kultibo, Nakar, Las Ligas Menores, Señor No eta Tito Ramirez) eta zortzi DJ Hondamen Sonikoan (Suso; Euskoprincess; Alai; Yxeb 3000; Kievra; Mutiko, Denso eta Tatta, Gazzi; eta Jugen Kala).
Donostia Kulturak, eta Le Bukowski eta Dabadaba aretoek elkarlanean antolatzen dute jaialdia; Kutxa Kultur fundazioaren eta Tabakaleraren laguntza ere badu. Jon Insausti Maisterrena Kultur zinegotziaren arabera, horrek egiten du “berezi” jaialdi hau, “hiriko kultur eragile askoren kolaborazio handia baitu”.
Gainera, “zirkuitu orokorretik kanpo” jotzen duten artistak eta taldeak ezagutzeko aukera eskaintzen duela nabarmendu du Insaustik, eta “hiria, kultura eta natura elkartzen” dituela. Ildo beretik mintzatu da Jon Aizpurua, Kultur Ekintza arloko zuzendari teknikoa: “Jaialdiarekin parkea errespetatu eta zaindu egiten da, eta hiriari begirako jarduera kulturala izatea lortzen da”.
Jaialdiak bi berritasun izango ditu. Lehena, jaialdiaren aurreko egunean Nestor Basterretxea plazan egongo diren kontzertuak izango dira. 19:00etatik aurrera, Muare eta Ines DJ-a arituko dira Tabakalera aurreko plazan. Bigarren berritasuna Agertoki Nagusian bazkalorduan egingo den geldialdia izango da. Izan ere, antolatzaileek nabaritu zuten eguzkiak gehien jotzen zuen unean jendea itzalpera joaten zela, eta hutsune bat geratzen zela agertokiaren eta jendearen artean. Hortaz, ordu horretan kontzerturik ez, baina Josu Bukowskik eta DJ Otalorak jarritako musikak girotuko du bazkalordua, harik eta 16:00ak aldera kontzertuak berriro hasiko diren arte. Hondamen Sonikoan ez da etenaldirik egingo.
Programazioarekin amaitzeko, abuztuaren 6an Peces Raros eta Kiwi Junior taldeek joko dute Dabadaban. Jarduera guztiak doakoak izango dira, azken hori izan ezik. Horretarako sarrerak hemen erosi daitezke.